Eusko Legebiltzarra

PSEri zerga politikan aliantzak aldatzea exijitu diote EH Bilduk eta Podemosek

Fiskalitateari buruzko osoko bilkura monografikoa egiten ari dira gaur Eusko Legebiltzarrean, eta EAJk, PSEk, eta PPk adostu duten erreforma izan da hizpide nagusia.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur, zega politikari buruzo eztabaida monografikoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2018ko otsailaren 14a
07:37
Entzun

Berriro ere zergen inguruko bilkura monografikoa du Gasteizko ganberak, laugarrena azken urteotan. Berez, zerga arauak eztabaidatzeko eta onartzeko eskumena herrialde bakoitzeko batzar nagusien eskuetan dago, baina krisiaren harira fiskalitateak geroz eta pisu handiagoa hartu du parlamentuaren egunerokoan. Goizean eztabaidan aritu dira legebiltzarreko taldeak, eta arratsaldez alderdiek aurkeztutako ebazpenak bozkatuko dituzte. Ebazpen horiek gomendio izaera dute, eta ez dira derrigorrean bete beharrekoak.

Zerga erreforma adostu ez duten bi taldeen eskutik bueltatu da gaia legebiltzarrera. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaera egin zuten joan den abenduan. Bi alderdien hitzaldiekin abiatu da eztabaida. Biek indar berezia jarri dute PSE-EEri akordioan parte hartu izana aurpegiratzeko.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea zorrotz mintzatu zaie sozialistei, eta Gipuzkoan adostutako neurri "aurrerakoietan" atzera egin dutela kritikatu die, "aulki bero batzuen truke". Kritikari gonbit bat gehitu dio Elkarrekin Podemoseko Julen Bollainek, eta "gehiengo aurrerakoiarekin" bat egiteko eskatu die PSEko ordezkariei.

Biei kontra egin die Alexia Castelo sozialistak, Nafarroako egoera hizpide hartuta. Casteloren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean jarriko diren neurrien "%95" martxan daude Nafarroan, eta Podemosek nahiz EH Bilduk babestu dituzte. Aurrekontuak bi aldiz adosteko aukerari muzin egitea egotzi die ezkerreko beste alderdiei. "Espazioa libre utzi diozue PPri", ohartarazi die.

Sozietate zergaren bilketa

Enpresen irabaziak zergapetzen dituen arauaren erreformari buruz luze eta zabal hitz egin da. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak hitza hartu du gobernuari eskainitako txandan. Azpiazuk ziurtatu du zergaren tasa nominala %28tik %24ra murrizteko erabakiak ez duela bilketa murriztuko. "Kontrakoa, handituko da", ziurtatu du, hainbat kenkari mugatzeko egingo diren aldaketei esker.

Bizkaiak egindako aurreikuspenei buruzko interpretazio ezberdinak entzun dira ganberan. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak esan zuen tasa nominalaren jaitsierak 84 milioi euro murriztuko duela bilketa, baina espero duela beste neurriekin bidez orekatzea, horien eraginari buruzko xehetasunik eman ez zuen arren.

Bollainek azpimarratu du galera handiena —69 milioi— mila enpresa handienen ekarpenean gertatuko dela. "Rementeriak eta Confebaskek Azpiazu menperatu dute", kritikatu du. PSEko Castelok ziurtatu du sozietate zergaren bilketa 124 milioi eurotan handituko dela indarrean sartu eta hurrengo bi urteetan. Bilketa hazkundearen ideia zalantzan jarri du EH Bilduk, bihar Unai Rementeria Bizkaiko ahaldunak Madrilen egingo duen hitzaldia baliatuz. "Inork uste al du bihar Rementeria Madrilera joango dela enpresaburuei esatera Bizkaira etortzeko, gehiengo ordainduko dutelako?", galdetu du Pinedok.

PPk, bestalde, aukera aprobetxatu du errenta zergaren murrizketa bat exijitzeko. "Herritarrei krisian eman dutena bueltatzeko ordua da", Anton Danborenea popularraren aburuz. Akordioren edukia gogorarazi dio Josune Gorospe jeltzaleak, ordea. Horren arabera, 2020. urtean berrikusiko dira zerga ezberdinak, baina ez lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.