Enpresak

Rafael Sterling da Irizar Taldeko zuzendari nagusi berria

Ormaiztegiko taldeko negozioen nazioarteko zuzendaria izan da Sterling, eta orain Jose Manuel Orcasitasek hamar urtez bete duen postua hartuko du.

Rafael Sterling, Irizar Taldeko zuzendari nagusi berria. IRIZAR
Irune Lasa.
2019ko irailaren 4a
14:13
Entzun

Irizar Taldeko zuzendaritzak aldaketekin abiatu du urte ekonomiko berria irail honetan. Joan den igandetik, Rafael Sterling da autobusgintza kooperatibaren zuzendari nagusi berria. Orain arte taldeko negozioen nazioarteko zuzendari izan da Sterling; 44 urte ditu, eta telekomunikazioetako goi mailako ingeniaritza (EHU) eta MBA Executive (Deustuko Unibertsitatea) ikasketak ditu.

Albistearen berri emateko agirian, kooperatibak ongietorria egin dio buruzagi berriari: "Irizartik arrakasta profesional handiena opa diogu, eta abiatutako sendotasun eta hazkunde ibilbideari jarraipena ematea espero dugu. Alboan izango ditu bezeroekin, gizartearekin eta gainerako kolaboratzaileekin konprometitutako lantaldeak".

Sterlingek Jose Manuel Orcasitasen postua hartuko du. Orcasitasek 26 urte egin ditu Irizarren, eta, horietatik azken hamarrak, lemazain lanetan. Haren zuzendaritzapean hedapen handia izan du Ormaizteko kooperatibak. Gaur egun, hamahiru lantegi ditu; Euskal Herrikoez gain, 3.350 langileko taldea du Marokon, Brasilen, Mexikon eta Hego Afrikan. 2018an, 750 milioi euroko fakturazioa osatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.