Soldatak

Rajoyk gutxieneko soldata %4 igotzea proposatuko du, 735,9 euroraino

Gaur egun 707,6 eurokoa da lanbide arteko gutxieneko soldata Espainian eta Hego Euskal Herrian. Datorren urterako 28,3 euro handitzeko "akordio handi bat" nahi du Espainiako Gobernuak.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, artxiboko irudian. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Irune Lasa.
2017ko abenduaren 18a
15:00
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak jakinarazi du lanbide arteko gutxieneko soldataren (SMI) inguruko "akordio handi bat" nahi duela, eta, xede horrekin, datorren urterako gutxieneko soldata %4ko igotzeko proposamena egingo die eragile sozialei eta PSOEri. Hazkunde horrekin, gaur egun 707,6 eurokoa den soldata 28,3 euro handituko litzateke, 735,9 euroraino. 2019. eta 2020. urteetarako ere SMIan "igoera handiak" proposatuko dituela gaineratu du 20 minutos egunkariarekin egindako elkarrizketan.

Rajoyren aburuz, gutxieneko soldataren igoera "mezua" litzateke sindikatu eta patronalentzat. "Soldatak handiagoak izatea gustatuko litzaiguke". Hori bai, SMIren igoerek, haren ustez, bateragarriak izan behar dute hazkunde ekonomikoarekin eta urteko 450.000 lanpostu sortzearekin. "Bizitzako gauza guztietan bezala, oreka mantentzea inportantea da".

Rajoyk SMIarentzat nahi dituen kopuruak Europako Gutun Sozialaren aldarrikapenetik urrun gelditzen dira. Azken horien ustez, gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60 izateraino handitu beharko luke gobernuak, hots, 1.000 euroraino (urteko hamabi soldatetan). Horretarako, SMIak egungoa baino %20 handiagoa izan beharko luke. 

Lanbide arteko gutxieneko soldata urtero dekretuz ezartzen da, ministro kontseiluaren urteko azken bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.