Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du M-15 mugimenduak Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiaren eta erakundeko administrazio kontseilu ohiaren aurka jarritako salaketa. Iruzur egitea, kontuak faltsutzea eta administrazio iruzurra egitea leporatzen diete, eta inputatu gisa deklaratu beharko dute. Fiskaltza salaketa onartzearen aurka agertu bada ere, Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ontzat eman du, eta, horrela, auzi berari lotuta onartu duen bigarrena da. Aurretik UPD alderdiak aurkeztutako salaketari gehituko dio 15-M mugimenduarena, biek «oinarrizko izaera» dutela iritzita. UPDk Bankiako 33 arduradun ohien aurka aurkeztu zuen salaketa, honako delitu hauek leporatuta: kontuak eta balantzeak faltsutzea, administrazio iruzurra egitea, gauzen prezioa aldatzeko trikimailuetan aritzea eta bidegabeko jabetzea.
M-15 mugimenduak sare sozialak erabili zituen salaketa jarri ahal izateko. 15MpaRato plataformaren bitartez, Bankiako ehun bat akziodunen babesa eta hainbat langile ohiren testigantzak bildu zituen, eta horiek emandako informazioa baliagarria izan zen salaketa aurkezteko. Ia 20.000 euro lortu zituen plataformak egitasmoa finantzatzeko. M-15 mugimenduak eta UPDk ez ezik, Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak eta Manos Limpiasek ere eskatu dute Bankiako arduradunak auzipetzeko.
Rato, Kongresuan
Ratok agerraldi bat egitea eskatu zuen atzo Espainiako Kongresuan, «ahal bezain laster». Erakundeko buru zenean egindako kudeaketaren inguruko xehetasunak azaldu nahi ditu, eta «prestasun osoa» agertu du argibideak emateko.
Ratok iragarpena egin eta ordubetera, PPren erantzuna heldu zen: Bankiako presidente ohiaren eta beste 23 ordezkariren agerraldia eskatu zuen —uztailean egingo dituzte, ateak irekita—. Hilabete lehenago, ordea, Rato kongresuaren aurrean agertzea errefusatu zuen PPk berak, gainerako taldeek haren azalpenak eskatu bazituzten ere. Orduko hartan, alderdi popularrak argudiatu zuen errudunak bilatzea baino garrantzitsuagoa zela erakundea «zuzentzea».
Ratoren eta Bankiako buruen aurka beste salaketa bat onartu dute
Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat jo du 15-M mugimenduaren eskaera; aurretik, UPDk jarri du salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu