Raul Arza izango da Damaso Casadoren ordezkoa UGT-Euskadiren gidaritzan. Bi hautagai zeuden sindikatuak Barakaldon atzo eta gaur egin duen kongresuan, Arza eta Collantes, eta lehia estua izan dela erakutsi du emaitzak. Botoen %55,65 jasota atera da garaile Arza. Guztira 132 boto eskuratu ditu, Collantesek baino 24 gehiago.
EAEn 40.000 militante inguru ditu, eta 2.400 ordezkari enpresetan. Laugarren sindikatua da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, ELA, LAB eta Euskadiko CCOOren atzetik. Arzaren lehen neurria, zuzendaritza taldea txikitzea izan da: orain artekoak 11 kide zituen —Arza bera ere zuzendaritzan zegoen—, eta aurrerantzean zortzi izango ditu. Berak gidatutako UGT-Euskadi "sendoagoa, batuagoa, dinamikoagoa, aldi berean beste dinsikatuekin lankidetzan ariko dena eta babes soziala bilatuko duena" izango dela agindu du.
"Kaleko sindikalgintza" bultzatuko duela azaldu du, eta Madrilekiko erabakimen handiagokoa. Arazo sozial eta ekonomikoei "alternatiba errealistekin eta erantzukizunez" erantzungo diotela ere nabarmendu du. Kargua hartzeaz batera aurreratu du ez dituela bi agintaldi baino gehiago egingo idazkari nagusi postuan. Hau da, ez dituela zortzi urte baino gehiago egingo. Casadok, hain zuzen, 11 urte egin ditu UGT-Euskadiren gidaritza lanetan.