Sei hilabete eskas igaro dira Raul Arzak (Laudio, 1963) UGT-Euskadiko idazkaritza nagusia eskuratu zuenetik, eta ordutik, erronka handiei egin behar izan die aurre: negoziazio kolektiboaren arau aldaketa, hitzarmenik gabeko sektoreak eta egoera horri aurre egiteko aukera gero eta urriagoak. «Egoera zaila da, baina argi geratu da soldatak jaitsiz eta lanorduak luzatuz ez garela lehiakorragoak izango, bestela begiratu Fagorrera», dio. Egoera zailari aurre egiteko, sindikatuen arteko batasuna eskatu du, baina uste du zenbait jarrera urrunegi daudela.
Maiatzean iritsi zinen idazkaritza nagusira, nola topatu zenuen sindikatua?
Aurreko zuzendaritzan ere lanean nenbilen; beraz, ezagutzen nuen nolako egoeran zegoen. Baina negoziazio kolektiboaren aldaketarekin egin genuen topo iritsi eta berehala. Beraz, egoera berriari aurre egitea gure lehentasuna bihurtu zen.
Ozta-ozta irabazi zenuen kongresuan, Pilar Collantesi 24 botoren aldea besterik ez zenion atera. Nola dago barneko giroa?
Behin bozak zenbatu ondoren, batzorde berri bat dabil lanean, eta ez dago hausturarik, bi hautagai dauzkaten prozesuek eragiten dituzten zauriak soilik. Egoera normalizatuta dago.
Hauteskunde sindikaletan, 2006tik afiliatu kopurua galduz joan da urtero sindikatua. Zer egin gura duzu joera hori gelditzeko?
Gure lehentasunen artean dago indarra berreskuratzea, eta ahalegin gehienak horretara bideratzen ari gara. Esan behar da, halere, aurten duela lau urte baino hobeto gaudela. Ea gai garen azken urteetako beherakada hobetzeko, baina horretarako, lantokietara joan behar da, afiliazioa bertan lortzen baita. Langile guztiak afiliatu nahi ditugu, egoerari aurre egiten lagundu gaitzaten.
Lan hitzarmenak lortzen, esaterako. Uztailaren 7ko amildegi laborala ezin izan zen ekidin. Urtarrilaren 1ekoari nola egin dakioke aurre?
Zaila da. Patronalaren zati batek uste baitu euskal enpresak soldatak jaitsita eta lanorduak luzatuz egin behar direla lehiakorrak. Horri aurre egiteko, sektore mailako negoziazioa oso garrantzitsua da, hemengo enpresa gehienak txikiak direlako, eta hitzarmenak lortzeko oso aukera gutxi daukatelako. Beste batzuek uste dute enpresaz enpresa joatea hobea dela, baina sektoreak lehentasuna izan behar du. Hori lortu ondoren, enpresaren batean gai bagara akordio hori hobetzeko, UGT hor egongo da. Baina jakin behar dugu Euskadin enpresen %95ek 25 langiletik behera dauzkala. Sektorea gutxienekoa da, eta enpresa osagarria. Eredu hori defendatzen ez badugu, urtarrilaren 1ean itunik gabeko sektoreek estatu mailako baldintzetara joan beharko lukete, horrek dakartzan ondorioekin.
Baina sektorea blokeatuta dago ELAk beste jarrera bat duelako. Enpresako borroka indartuko da?
Akordio bat lortzearen ardura denona da: Eusko Jaurlaritza, patronalak eta sektoreko hitzarmenetan sinesten dugunona. Eta hor bat egiten dugu CCOO eta LABekin. Gehiengo horrekin akordioren batzuk sinatu ditugu, baita uztailaren 7aren ondoren ere. ELAren erabakia, ordea, denok ezagutzen dugu.
Estrategia okerra?
Erabaki okerra baino gehiago errealitatetik kanpokoa dela esango nuke. Jakitun izan behar dugu zein egoeratan gauden. Zortzi langileko enpresa batean zein itun negoziatu behar da? Orain arte sektorean bazeukaten gutxieneko oinarri bat. Eta enpresa gehienentzat oinarri hori desagertuko den beldur gara gu.
Sektore mailako hitzarmenek, ordea, ez daukate lehentasunik.
Askorako balio ez badu ere, edukiko genukeen hurrengoa gutxieneko soldaten mailara jaistea litzateke. Nik ez dut hori nahi. Beharbada, lanean dabiltzanen baldintzak juridikoki mantendu ahal izango ditugu, baina lanpostu berriena bermatu beharra dago. Horregatik da garrantzitsua oinarri bat egotea. Eta patronalei ere dei egiten diegu, eurei ere ez zaielako interesatzen soldaten eta lanorduen harira lehiatzen aritzea.
Lan baldintzak okerrera egin dezaketen egoeran askok esaten dute, ordea, 2014an ekonomia berpizten hasiko dela. Horrela ikusten duzu zuk ere?
Ez dakit zertan oinarritzen diren hori esateko, lanposturik ez delako sortuko. Beraz, gaizki informatutako baikorrak direla uste dut. Euskadin 180.000 langabe daude, eta diru sarrerak bermatzeko errenta 60.000 pertsonak jasotzen dute. Beraz, ez dut uste oso egoera onean gaudenik. Horri aurre egiteko, Jaurlaritzaren aurrekontuetan pertsonak oinarrian egotea gustatuko litzaidake, enplegua sortzeko. Egun, krisiaren arazoa eta irtenbidea enpleguan oinarritzen da, eta hori bultzatu behar da ongizateari eusteko.
Zein iritzi duzu Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen inguruan?
Esku artean daukagun informazioaren arabera, gutxiegi dela iruditzen zaigu. Defizitaren muga nabaria da, eta murrizketan oinarritutako politikek badakigu zer dakarten. Ez dute balio langabezia jaitsi eta gizartearen egoera hobetzeko, alderantziz baizik. Guk diogu berreskurapen ekonomikoa erdigune duen politika egin behar dela.
Aurrekontu horiek EAJk PSE-EErekin adostutako akordio fiskalaren ondorio izan daiteke?
Bai. Guk akordio horren begi onez ikusi dugu, orain arte egin diren politikak murrizteko joera izan baitute. Baina gutxi ere bada. Sozietateen gaineko zergetan edo kapitalaren gainekoaren inguruan kritikoak gara, laneko errentaren eta kapitalaren arteko diskriminazioak oraindik indarrean jarraitzen duelako. Burtsan jokatzen ari den pertsona batek ezin du lanean ari den batek baino gutxiago ordaindu. Eta ez dugu ulertzen ezkerreko alderdi batek nola onar dezakeen halako ezer.
Horretan oinarrituta kritika egiten diozue PSE-EEri?
Zaila egiten zaigu ulertzea nola onartu duten halako ezer. Edozein moduz, errenta handiek gehiago ordain dezaten ere lortu dute akordioarekin. Horregatik, PFEZn egindako aldaketa positiboa dela uste dugu.