"Ez da autobide, aireportu, pabiloi eta beste azpiegituren garaia", ohartarazi die Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak PPren esku dauden erkidego eta udaletako arduradunei, gaur, Madrilen, alderdien zuzendaritza nazionalaren bileran, eta, hala, defizit publikoa jaisteko inplikatzeko eskatu die.
Orobat, "erakundeetako bikoiztasunak" kentzea ere galdegin die Raxoi PPko buruak.
Espainiako Gobernuak ostiralean aurkeztu zuen 2012ko aurrekontu proiektua, murrizketa handikoa. Defizit publikoa %5,3ra mugatzeko helburua hitzartu du Europako Batasunarekin. Hori lortzeko, administrazio publikoek 27.300 milioi aurreztu behar dituzte. Espainiako administrazioak 17.800 milioi jaitsi behar du zorra.
"Berebiziko garrantzia eman horri", esan die Raxoik alderdikideei gaur. "Espainiako ekonomia berriro osatzeko eta enplegua sortzen hasteko oinarriak jartzeko garaia da hau".
Aurtengo aurrekontuak "gogorrak eta mingarriak" direla adierazi du, "baina ezinbestekoak garai hauetarako".