Langabezia saririk ez dutenek jasotzen duten 400 euroko laguntza luzatu egingo duela jakinarazi du gaur Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak. Ezer zehaztu gabe, abuztuaren 24ko Ministro Kontseiluan laguntzaren helburua "hobetuko" duten zenbait aldaketa zehaztuko dituela esan du Raxoik. Programa hori birmoldatzearen alde agertu da Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa ere, plan hori ez dadin bihur soilik langabeen "azken baliabide ekonomikoa".
Langabeak lan munduan sartzeko helburua duen programa da Prepara plana. Horretarako, izena ematen dutenek formakuntza eta ikastaroak jasotzen dituzte, eta horren truke 400 euro jasotzen dituzte sei hilabetean. 2011ko otsailean jarri zuten indarrean, nahiz eta 2009ko abuztutik Prepara onartu bitartean langabeentzat 426 euroko antzeko laguntza bat egon zen indarrean. Hego Euskal Herrian 13.100 langabek jasotzen dute laguntza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.700ek, eta Nafarroan, 4.400ek.