Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak Europak Espainiako bankuak erreskatatzea baztertu duen arren, Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak ez du halakorik egin. "Diagnostikoa izandakoan aztertuko dugu", esan du gaur Garcia Margallok.
Raxoi ere mintzatu da hedabideen aurrean, prentsaurreko batean, ohikoa ez badu ere. Espainiako Gobernuak Bankian beste 19.000 milioi euro jarri dituela-eta presidenteak gogoratu du ez dela lehen aldia diru publikoa finantza erakunde batean sartu dena. Gainera, haren arabera, bankuei eutsi beharra dago; "bestela, finantza erakundeak erortzen badira, herrialdea eroriko da".
Espainiak duela hiru aste erabaki zuen Bankia nazionalizatzea, eta 4.465 milioi euro jarri zituen. Orain han beste 19.000 milioi ipini izanak gobernuaren aldetik murrizketa gehiago ez dituela ekarriko azaldu du. Hala ere, erreformen bidearekin jarraituko duela azaldu du.
Espainiaren arrisku saria gaur 510 punturaino iritsi da, baina Raxoik ez du uste horrek bankaren egoerarekin zerikusirik duenik. Pentsatzen du Europako Batasunak Greziarekiko dituen "zalantzek" eragiten dutela arrisku sariaren hazkundea.