krisia eurogunean

Raxoik ez du baztertu erreskate funtsera jotzea

Espainiako gobernuburuak esan du erabaki bat edo bestea hartu aurretik "informaziorik onena" eduki nahi dutela. EBZk presidenteak atzo zioen herrialdeek EFSF eta ESM erreskate tresnak baliatu behar dituztela zorra erosteko. Raxoik 2014ra artean 102.000 milioi euroko murrizketak egin nahi ditu.

2012ko abuztuaren 3a
19:55
Entzun

Atzo Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak zioen herrialdeek EFSF eta ESM erreskate tresnak baliatu behar dituztela zorra erosteko, eta gaur Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak adierazi du ez duela baztertzen EFSF erreskate funtsera jotzea. Hala ere, azaldu du gobernuak oraindik ez daukala erabakirik hartuta.

"Espainiarren interes orokorrari komeni zaiona egingo dut", esan du Raxoik bere agintaldiaren lehen hilabeteen balantzea egitean. Iazko abenduaren 20an presidente kargua hartu zuenetik lehen aldia izan da Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean hedabideen aurrean hitz egin duena.

Erreskate funtsera jo aurretik, baina, esan du Draghik iragarritako neurriak ezagutu nahi dituela, "zer esan nahi duten neurri horiek, zer lortu nahi duten, eta egokiak diren. Informazio horrekin, erabaki bat edo bestea hartuko da". Aitortu du atzotik ez duela harekin hitz egin, eta zernahi dela "informaziorik onena" gura duela. "Jakin beharra dugu zertaz ari garen hizketan".

Bitartean, ordea, murrizketekin segituko du Raxoik, eta 2014ra artean 102.149 milioi eurokoak egin nahi ditu.

EBZko presidenteak aurreko hilaren amaieran iragarri zuen euroari eusteko beharrezko guztia egingo dutela, baina Frankfurteko atzoko batzarrean, behintzat, herrialdeen zorra zorraren bigarren mailako merkatuetan ez erostea erabaki du EBZk. Raxoik Europako bankuaren funtzioa defenditu du gaurko agerraldian. 

Pedro Azpiazu EAJko diputatuak esan du Espainiak "uste baino lehenago" eskatu beharko duela erreskatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.