Bezperan Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran egindako proposamenetan sakondu du gaur Unai Rementeria ahaldun nagusiak, Radio Euskadi katean egin dioten elkarrizketan. Sozietate zergaren tasa nominala hiru edo lau puntu murriztea defendatu du. Gaur egun sozietate zergaren tasa nominala %28 da —%24 enpresa txiki eta ertainentzako—, eta jaitsiera horrek %24-25 izatera eramango luke. Espainian %25 dago ezarrita. Frantziak %28ra jaitsiko du datorren urtean, eta %25ra 2022. urterako. Konpainien mozkinei ezartzen zaien zerga da.
Rementeriak argudiatu du posible dela tasa nominala jaistea bilketan ondoriorik izan gabe. Enpresek irabazietatik benetan ordaintzen dutena tasa eraginkorra da, foru arauek baimendutako kenkariak eta hobariak zerga oinarriari ezarrita. Tasa eraginkor horri —Bizkaian %22-24 bitartekoa, Rementeriaren arabera— eutsi beharko zaio, haren ustez, eta horretarako "agian" moldatu beharko dira indarrean dauden kenkarietako batzuk. "Agian egin behar dugu kenkari bat benetan kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egingo duena", zehaztu du, eta berrikuntza sustatzeko neurriak ere berrikustearen alde egin du.
Zerga erreforma bat mahai-gainean jarri zenetik hainbat iritzi azaldu dira. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak behin baino gehiagotan esan du enpresek gutxiegi ordaintzen dutela, eta sozietate zergaren diru bilketa handitzeko beharra plazaratu du. Rementeriak ukatu egin du Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean ezadostasunik dagoela, eta EAJn ere denak ados daudela ziurtatu du. "Beste kontu bat da beste alderdiren bat beharko dugula hori errealitate bihurtzeko", onartu du. Erakundeetan jeltzaleek bazkide duten alderdiak, PSE-EEk, ez du begi onez ikusi orain arte halako jaitsiera bat. Edozein erreforma aurrera ateratzeko, Araban EH Bilduren edo PPren laguntza ezinbestekoa zaie EAJri eta PSE-EEri.
Rementeriaren ustez, beharrezkoa da sozietate zergaren tasa nominala jaistea "kanpora begira erakargarriak izateko". Finlandiara eta Alemaniara begiratzea eskatu du, %20ko eta %15eko tasa nominalak dituzten herrialdeak, hurrenez hurren.