Ahatsan (Nafarroa Beherea) sortua eta handitua da Rene Harluxet eta hortik Donostiarantz joana, lan egiteko. LKS taldean eta Sei kooperatiban dabil gaur egun lanean. Kooperatibismoaz eta Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoaz gogoeta sakona du.
Zertan da lan kooperatiben egoera Ipar Euskal Herrian?
Gutxi gorabehera 20 bat lan kooperatiba badira, 200 bat langile biltzen dituztenak. Kooperatibismoa garatuz doa pixka bat. Baina ohartzen gara handituz doala, diren proiektuak hazten direlako. Biziki zaila da proiektu berri batzuk kooperatibismoan abiaraztea. Hemen elkartearen biltzar nagusia ukan berri dugu eta hori aipatu dugu. Lantegi sortzeari buruzko motibazioa hedatu beharra dago, baina ez nolanahiko lantegiak, batez ere kooperatiba kutsu edo itxura daukatenak. Urrats interesgarri batzuk eraman ditugu aurten, baina gelditu gara erdi gose batekin. Heldu den urtean, urrats horiek gehiago ezagutaraziko ditugu.
Zenbat lan kooperatiba sortzen dira urtean Ipar Euskal Herrian?
Guti, oso guti. Zenbaki zehatzik ez dut, baina azken urteetan demagun dozena erdi bat sortu direla, eta guztiak tipiak. Hego Euskal Herrian ere sortzen direnak biziki tipiak dira. Ez da berehala sortzen 100 edo 200 langileko kooperatiba bat, hori ez da posible. Baina azkenean, zer da benetako garapen ekonomikoa? Sony bat 300 langile behar dituena, bat-batean agertzen dena eta bat-batean desagertzen? Edo erroturiko lantegi tipi batzuk, zinez irauteko hor direnak? Modelo horiei buruz hitz egin daiteke luzaz.
Nola analizatzen duzu Fagor Etxetresnari gertatu zaiona?
2005ean Fagorrek 4.000 4.500 langile zituen eta 5.000 langile zituen Brandt erosi zuen.Europa mailan, enpresen artean Fagor hamaikagarrena zen, Brandt hartuz bosgarrena. Merkatu horretan pisua ukaiteko, bosgarrena izateari pentsatu eta erosteko parioa egin zuten. Bistan dena, erosteko zorretan sartu ziren, pentsatuz ekonomia goiti zihoala, Espainian eraikuntza anitz bazirela eta bakoitzak beharko zituela etxetresna elektrikoak. Zer gertatu zen? Bi urte berantago bola famatu hori zapartatu zela. Historia gibeletik begiratzea beti erraza da, eta orain ageri da erabaki txarra izan zela, hobe zen tipi gelditzea eta erratea small is beautiful. Orain, Mondragonek dio hemendik bi urtetara gure eredua erabat berritu beharko dugula.
Txikia egiazki beautiful al da, edo handitze logikakoa zara?
Sei sortu genuelarik hiru langile eta sei partzuer ginen eta 200ra heldu ginen. Konplikatua da galdera. Gure langile partzuerrek zer nahiago dute? Handitzeak erran nahi du lantegi batean lan ezberdinak egiteko aukerak direla, formakuntza denen artean hobeki pagatzen ahal dela, arlo bat flakatzen bada bestea sendotzen ahal dela, eta abar. Bistan dena, garapen ingurune batean garenean gara horretaz segur. Batzuek diote duela bost urte sufritzen duguna ez dela krisia, baizik eta aldaketa bat. Erran nahi du ez dugula gehiago ezagutuko garapenik, usatu behar dugula garapenik gabeko mundu batean bizitzen, lan egiten, ikasten, zahartzen...Horrek izugarrizko aldaketak ekarriko dizkigu.
Hazkundeak goia jo badu, nola sor daitezke enpleguak?
Hori da problema. Krisia izanik ere, 100 bat kooperatiba berri sortzen dira urtero Hego Euskal Herrian. Baina garapen horrek badu bere alde negatiboa: egitura handiek lanpostuak galtzen dituzte eta egitura tipiek egiten. Problema da bataila horretan handiek galtzen dutena baino gutxiago sortzen dutela ttipiek.
Garapenik gabeko egoera horretan kooperatibismoak hobeki iraun lezake?
Erranen nuke berdintasuna eta justizia direla lehenbiziko baldintzak garapen gabeko mundu batean lasai bizitzeko. Ikusten badut nire lantegiko zuzendariak ni baino ehun edo mila aldiz gehiago irabazten duela eta hilero etxebizitza pagatzeko zailtasunak ditudala, zer? Gaur sufritu baina bihar hobetuko dela erraten digute, garapenaren ilusioarekin estaltzen dituzte gabeziak. Baina garapenik gabeko egoera batean ezingo dute! Argitasuna eta berdintasuna ezinbestekoak dira, edo bestela zapartatuko da egoera. Kooperatibismoak ditu baldintza horiek hobekien segurtatzen; horretan sinesten dut, bai.
Ipar Euskal Herrira itzuliz, zer diozu kostaldea eta barnealdearen artean handituz doan desorekaz?
Joerak berdin segitzen badu eta ikuspegi ezkor batekin so eginez, 300.000 eta 350.000 biztanle dituen kostaldea ukanen dugu eta barnealdea desertu gisa. Soziologoek diote biztanleriaren gutxiengo trinkotasun bat behar dela, hori gabe ez dela gehiago gizarterik. Lantegiei doakionez, nire esperientzia kostaldekoa da, hala ere, egin ahala segitzen eta bultzatzen ditugu barnealdeko iniziatibak. Baina iniziatiba pertsonalak ez dira aski, politikaren erresorteak eta giderrak mugitu behar dira. Bestela horrela segituko du.
Usu entzuten da barnealdeak ez duela industriarik nahi...
Ez dut uste horrela denik, nire ustez kondaira bat da. Barnealdeko etxe guztietan daude seme-alabak lanpostu bila direnak.
Azken urteetan emendatuz doaz enpresei zuzendu lan eremuak barnealdean ere. Ez ote dira berantean?
Baietz uste dut. Dena den, egiten diren indar guztiak zentzu onera doaz, lanpostuak laguntzeko. Baina eremua ez da aski, beste baldintza batzuk behar dira. Gogoetatu behar dugu formakuntzaz, finantza moduez, sareez...