Energia berriak garatzeko ardura izango duen negozio atala sortzea erabaki du Repsol multinazionalak, eta Josu Jon Imaz aukeratu du saila zuzentzeko. Hain zuzen ere, Imazek zuzendari exekutiboaren kargua hartuko du. Repsoleko Petronor filialean gaur egun duen presidente karguarekin bateratuko du eginkizun berria.
Petronorrek eta Repsolek azaldu dutenez, sail berriak bioenergiari eta garraioari zuzendutako energia berriztagarriak sustatuko ditu. Gaur egun Repsolek dituen beste negozioekin sinergiak dituzten proiektuak hartuko ditu. Gainera, CO2 isurketak murrizteko ekimenak aurrera eramango ditu. Alde horretatik, karbono dioxidoa atxikitzeko eta gordetzeko negozioak bilatuko ditu.
2007ko urrian EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaritza utziko zuela iragarri zuen Imazek. Ondoren, ikertzaile lanetan aritu zen AEBetan, 2008ko uztailean Petronor enpresako presidente izendatu zuten arte. Repsol da Petronorreko akziodun nagusia, jabetzaren %85,98rekin.
Gaviotaren salmenta
Enagas izango da Gaviota gordailuaren jabe berria. Repsolek zituen akzioak, %82, erosteko akordioa itxi zuten atzo bi enpresek. Guztira, 86,9 milioi euro ordainduko ditu Enagasek jabetzaren gehiengoa eskuratzeko. Diru horretatik 16,4 milioi baldintzapean daude, Espainiako Industria Ministerioak gordailua handitzeko baimena eman arte.
Bizkaiko kostaldetik zortzi kilometrora dago Gaviota, Bermeoren parean. 1980an aurkitutako gas gordailu naturala da, 1986 eta 1995 bitartean martxan egon zena. Harrezkero, ontzien bidez iristen den gasa jasotzeko eta banatzeko erabili izan du Repsolek. Handitzeko eskaera ere eginda dago. Gaur egun, 0,9 mila milioi metro kubo gas jasotzeko edukiera du, eta, proiektua gauzatzen bada, 1,6 mila milioi metro kubora iritsiko da.
Salmenta estrategikoak ez diren aktiboak kentzeko Repsolek hasitako bidean beste urrats bat da. Enagasekin batera, Gaviotako beste bazkidea Murphy Spain Oil Company izaten jarraituko du, akzioen %18rekin.
Repsolen energia berrien atala zuzenduko du Josu Jon Imazek
Bizkaiko kostaldeko Gaviota naturgas gordailuaren gehiengoa erosi du Enagasek, 87 milioi euroren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu