LANGABEZI LAGUNTZAK

RMIa departamenduen esku geldituko da osorik

Eskumen aldaketak kezka biziak eragin ditu eragile sozialen baitan

ENEKO BIDEGAIN
2004ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Dezentralizazio legearekin, gizarte saileko eskumen berri bat eskuratuko dute departamenduek. Aldaketa hori ere urte berriarekin jarri da indarrean. Hemendik aitzina, departamenduen gain izanen da RMI eta RMI-RMA kudeatzea. Orain arte Estatuak ordaintzen zuen RMIa. Orain departamenduak ordainduko du. Horretarako, Estatuak RMI horren ordaintzeko dirua emanen die departamenduei. Pirineo Atlantikoetan, 10.000 lagunek eskuratzen dute RMIa.

Laguntzaile sozial batzuk eta langabeen elkarteak beldur dira, aldaketa horren ondorioz, Kontseilu Nagusi batzuen politika sozialak ez ote diren txartuko. Gainera, urte berriarekin batera, RMIdun kopurua igoko dela aurrikusirik, ASSen iraupenaren murriztearen ondorioz, departamenduek RMIdun gehiagori ordaindu behar izanen diote alokazioa. Estatuak emanen duen diruan, aldaketa hori kontuan hartua izanen dela uste du Jean-Louis Domergue Baionako kontseilari nagusi eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko Arazo Sozialetako arduradunak.

Domerguek laguntzaile sozialen kezkak uxatu nahi izan zituen. «Lan boluntarista eginen dugu, pertsonak ahal bezainbat gizatasunekin tratatuak izan daitezen», adierazi zion Berria-ri. «Dezentralizazioa hurbiltasun faktore bat da, zintzotasun iturri dena», gehitu zuen. «Zintzotasuna aipatzean, pertsonen errespetua erran nahi du».

Baliabide eskasen kezka

Baionan lanean ari den laguntzaile sozial batek zailtasunez beteak ikusten ditu datozen hilabeteak. Kontseilu Nagusiaren gain da langile sozialen hartzea. Ordea, azkenaldian, ez dela baliabide nahikorik beharretan diren pertsonen laguntzeko deitoratu zuen. Alta, laguntzaile sozialen premia handia dela azpimarratu zuen. Horien laguntzarik gabe, bazterketa soziala jasaten duten pertsonek ez dute beti jakiten zein laguntza motaren eskubidea daukaten eta haien prekaritatea are gehiago handitzen da.

Domerguekez du uste Pirineo Atlantikoen politika txarra denik. «Emaitza obligazio bat daukagu. Jendeak ahal bezain ongi tratatu behar ditugu». Etorkizunari begira, ez du uste RMIaren kudeaketa gaizki iraganen denik. «Orain arte eskumen aldaketak izan direlarik, hastapenean kezak agertzen baziren ere, orain zenbat daude kexu? Bakar bat ere ez». Etorkizunean RMIdun kopurua igotzen bada, departamenduaren aurrekontuak ere haziko dira. Bainan Estatuaren diru emaitzek urtetik urtera RMIdun kopuruaren igoeraren arabera jarraituko ote dute? Domerguek ez daki. Frantzian gaindi, hainbat kontseilari nagusi kezkaturik dago, epe ertainean departamendu batzuek ez ote dituzten lekuko zergak igo beharko. Edo RMIdun batzuei eskubidea kendu. Departamenduak horretarako eskumena badu.«Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiaren helburua, ahal bezainbat lagun lan mundura itzultzen laguntzea da», dio batetik. RMIdun batzuk «iruzur» egiten dutela ere dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.