'Black txartelen auzia'

Rodrigo Rato gaur edo bihar sartu beharko da kartzelara

Espainiako Audientzia Nazionalak baztertu egin du espetxeratzea bertan behera uzteko aukera. Lau urte eta erdiko zigorra bete behar du, Bankiako black txartelen auziagatik.

Rodrigo Rato epaitegitik ateratzen, joan den uztailaren 30ean, Madrilen. RODRIFO JIMENEZ / EFE
Jon Fernandez.
2018ko urriaren 24a
12:58
Entzun

Ostirala baino lehen kartzelan egon behar du Bankiako presidente ohi eta Espainiako presidenteorde ohiak. Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion iaz, black txartelen auziaren harira, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epai hori duela duela hiru aste. Ratoren defentsak Auzitegi Nazionalari eskatu zion bertan behera uzteko espetxera sartzeko agindua, Ratok Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko duen babes eskeko errekurtsoaren bidea agortu arte  —azaroa amaitu baino lehen aurkezteko asmoa dauka—. Alabaina, Auzitegi Nazionalak ez du aintzat hartu Ekonomia ministro ohiaren eskaria, eta beraz, ostirala baino lehen sartu beharko da kartzelan: gaur edo bihar.

Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretoak hartu du erabakia, auziko beste zazpi zigorturekin hartutako berbera. Magistratuen iritziz, espetxeratzea bertan behera uzteko erabakia, hartzekotan, Auzitegi Konstituzoinalak hartubeharko luke. Ratoren eskariak zioen espetxera sartuz gero "konpondu ezinezko kalteak" eragingo lizkiokeela Auzitegi Konstituzionalean babes eskeko errekurtsoa jartzeko, baina magistratuak horren kontra agertu dira.

Espetxera ez sartzeko argudio gisa aipatu zituen Ratoren defentsak, besteka beste, black txartelekin patrikaratutako 99.000 euroak bueltatu dituela, ez dagoela ihes arriskurik. Argudio horiek ez dira nahikoa izan kartzelarako bidea saihesteko.

Ez da kartzelara bidean dagoen Bankia eta Caja Madrideko buruzagi ohi bakarra. Atzo, hain zuzen, Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen Jose Antonio Moral bankuko presidenteorde ohiaren aurkako lau urte eta erdiko espetxe zigorra, eta urriaren 29an sartu beharko da kartzelara. Berretsi egin ditu, baita ere, bankuk kontseilari ohien zigorrak ere, Jorge Gomez Morenorena (PSOE), Jose Maria de la Rivarena (PSOE), Francisco Baquerorena (CCOO), Gonzalo Martin Pascualena (UGT), Francisco Jose Perezena (PSOE), eta Miguel Angel Abejonena (UGT) —atzo sartu zen kartzelara, Rodolfo Benitorekin (CCOO) batera—. Kontseilari ohien kartzela zigorrak hiru urte eta bi hilabetekoak eta bi urte eta sei hilabetekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.