Kartzelara sartzeko unea gero eta hurbilago dauka Rodrigo Ratok. Espainiako Ekonomia ministro (1996-2004) eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari (2004-2007) izandakoak iaz Auzitegi Nagusian lau urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuen txartel ezkutuen bidez Caja Madrid aurrezki kutxako dirua modu bidegabean eskuratzeagatik. Harekin batera, eta arrazoi bera medio, Caja Madrid edota Bankiako beste 63 karguk ere jaso zituzten zigorrak, lau hilabetetik lau urtera artekoak.
Helegiteen ondorioz, auzia Auzitegi Gorenera jaso zen, eta auzitegiak gaur jakinarazi du zigor gehienei eutsi egin diela. Beraz, Ratok lau urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du. Beste zenbait auzipeturi arindu egin dizkiete zigorrak txartelekin gastatutako kopurua epaitegian kontsignatu zutela-eta eragindako kaltea erreparatzeko egindako ahaleginagatik.
Sententziak gogoratu duenez, akusatuek guztira 12 milioi euroko gastu bidegabea egin zuten Caja Madrideko txartel ezkutuen kontura. 9,3 milioi euro Miguel Blesa kutxako presidente zela gastatu ziren. Blesari sei urteko zigorra jarri zioten, eta 2017ko uztailean egin zuen bere buruaz beste. Gainerako 2,6 milioi euroak Rato kutxako presidente eta gero Bankiako buru zela xahutu ziren.