Kutxen bat-egitea

Rojok dio proiektua alboratu egin dutela, baina ez dutela guztiz baztertu

Vital Kutxako presidente Gregorio Rojok azaldu duenez BBK, Kutxa eta Vital kutxaren bat-egitearen proiektua momentuz alboratuta geratzen bada ere ez dute guztiz baztertzen, hori "etorkizunari ezetz esatea izango litzatekeelako". Prentsaurrekoa eman du gaur Rojok, galderak egiteko aukerarik gabe. PSE-EEk proiektua "momentuz" ez babestea erabaki ondoren geratu da bertan behera bat-egitearen proiektua, eta Rojok esan du "politikarien desadostasunak guztia kutxatzen ez duen garai hobe baten zain" egon beharko dutela.

2005eko urriaren 7a
15:33
Entzun
Vital Kutxa proiektutik kanpo geratuta, BBK eta Kutxa elkartzeko aukera badela zabaldu da, baina Rojok, aukera hori baztertu egin du, zuzenean ez bada ere: "ez da Araba eta Vital Kutxa jokoz kanpo utziko duen konbinaziorik edo bat-egiterik izango".

Rojok azaldu duenez, berak beti esan izan du kontsentsurik gabe ez zela ezer egingo, "bat-egite bat ezin delako inoiz egin inoren kalterako, denen onerako baizik". Orain kontsetsuaren beharrean "betoa" dagoela azpimarratu du, eta horregatik, aurretik esan bezala, proiektua alboratu egiten duela dio.

Onartu egin du ez dela gai izan proiektua ona zela denei sinestarazteko, baina, hala ere, inork ez diola proiektuaren kontrako "enpresa" arrazoirik eman ziurtatu du.

Beste kutxetako —BBK eta Kutxa— zuzendariekin hitz egin duela esan du, eta haiek bera bezala "atsekabetuta" daudela azaldu du. "Aukera" galdu dela iritzi diotelako.

Horregatik, aurrerantzean ere bat-egitearen bidean lanean jarraituko dutela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.