Ez da ezustekorik izan. Kataluniako patronaleko (Foment del Treball) buruak, Joan Rosellek, erraz irabazi ditu CEOE Espainiako patronaleko presidentetzarako hauteskundeak. Ia 200 boto atera dizkio aurkariari, Santiago Herrero CEA Andaluziako patronaleko buruari. Boto eskubidea duten 818 ordezkarietatik erdiek baizik ez dute bozkatu, eta hamarretik seik baino gehiagok Rosellen alde egin dute. Hala ere, orain arteko babesik txikiena duen CEOEko presidentea izango da, besteak beste, erakundearen 33 urteko historian orain arte sekula ez delako hautagai bat baino gehiago aurkeztu presidente kargura.
Estatuak, beste ezeren gainetik, eraginkorra izan behar duela adierazi du Rosellek hauteskundeak irabazi osteko lehen hitzaldian, eta erreforma gehiago eskatu ditu. «Ongizate estatua salbatzeko beharrezko erreforma guztiak egin behar ditugu, ongizate estatua estatuaren ongizatearen aurretik dagoelako». Rosellek metafora kirurgiko batekin azaldu du gertatzen dena. «Ongizate estatua oso handia da, koipe gehiegi du, eta koipe hori identifikatu eta kendu behar dugu».
Rosellek argi du: «Erreformak dira herrialdearen etorkizunerako botikarik onena». Epe motzera botoak gal ditzaketen arren alderdi politikoak lagundu eta txalotu egin behar direla adierazi du, beharrezko erreformak egitera ausart daitezen. «Ekonomiaren eta enpresen egoera larria ikusita, ezinbestekoak eta saihetsezinak baitira erreforma horiek».
Bizitza politikoan parte hartuko duen patronala nahi du Rosellek, aktiboa eta eranginkorra. Dio enpresarik eta enpresabururik gabe ez dagoela hobekuntzarik egiterik ekonomian eta gizartean. «Ausartak izan eta gizartea horretaz konbentzitu behar dugu».
Jarrera irekiarekin akordioetarako zabalik dagoela adierazi du Rosellek. Lehendabizi Espainiako Gobernuari eta sindikatuei luzatu die eskua, elkarrizketei berriro ekiteari ezinbesteko deritzolako. Bigarrenik, Herrero aurkariari eta harekin hautagaitza osatu duen Jesus Banegas Ametic- enpresa teknologikoen eta elektronikoen elkarteko buruari, «denok gutxi garelako eta era guztietako laguntza behar dugulako». Gainera, haien iritzia kontuan hartzen duela erakusteko edo, iragarri du CEOE Fundazioko presidentea ez dela Diaz Ferran izango.
Presidente berriaren murrizketak iritsiko dira patronalera. 21 presidenteorde beharrean bederatzi izango dira aurrerantzean; batzorde eragilea, berriz, gehienez 46 kidek osatuko dute, orain arte moduan. Hilaren 28an plazaratuko du kargudunen zerrenda.
Aldaketak egiteko gogoz
Bere burua «berritzailetzat» eta «iraultzailetzat» jo izan du Rosellek, eta hori baieztatzera datoz CEOErako hauteskunde kanpainan esan dituenak. Adibidez, administrazioak enpresen moduan funtzionatu beharko lukeela dio. Batetik, administrazioan enplegua erregulatzeko dosierrak aplikatzearen alde dago; bestetik, udalek elkarren artean bat egitea proposatu du, gastu publikoa aurrezteko. Langabezia saria jasotzen duten langabeek «estatuaren langile» izan beharko luketela iritzi dio, gainera, eta langabezian dauden bitartean gizartearen mesederako jardueraren bat egin beharko luketela. Kaleratzeak merkatzeko, kotizazioak jaisteko eta erretiro adina 67 urtera atzeratzeko ere eskatu du.
Rosellek erreformak eskatu ditu, Estatuari «sobran duen koipea kentzeko»
Joan Rosell izango da Espainiako patronaleko presidente berria; hauteskundeak eroso irabazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu