Audiren buruzagi gorena, Rupert Stadler, gaur goizean atxilotu dute Alemanian, Volkswagen konpainiak jakinarazi duenez. Atxiloketa iruzurrezko isuri datuak emateko prestatutako diesel motorren auziari lotuta dago, eta agintari judizialek argitu dute beldur direla Stadlerrek iruzurraren zantzuak ezabatuko dituen. Dena dela, atxiloketa behin-behinekoa dela zehaztu du VWk, eta audientziaren ostean erabakiko duela epaileak zer egin atxilotuarekin.
Dieselgate eskandalua 2015. urteko irailean piztu zen. Garai hartan Stadler jada VWren konpainiaren buruzagia zen, eta orain arte eskandaluarengatik atxilotutakoen artean kargurik handiena berak du. Alemaniako fiskaltzak asteak zeramatzan Audiko burua ikertzen, eta joan den astean haren etxebizitza miatu zuen.
Ekain hasieran aitortu zuen Audik bere A6 eta A7 ereduetako 60.000 diesel autok zutela isuri datu okerrak emateko manipulatutako softwarea. VWen arabera, bere 11 milioi autok dute xede horretarako manipulatutako softwarea. Alemaniako fiskaltza hogei susmagarri ikertzen ari da ustezko iruzurragatik eta publizitate faltsuagatik, eta horien artean daude Volkswagen taldeko bi presidente ohi, Martin Winterkorn eta Matthias Mueller.