SAGARDO ASKO, SAGAR GUTXI

Txotx garaia hasi da asteon, eta sektoreak pauso garrantzitsua eman du, jatorri izen berri bat aurkeztuta: Euskal Sagardoa. Hamabost urteko epean ekoizpen osoa bertako sagarrarekin egitea da helburua. 310 hektarea sagasti berri behar dira gutxienez. Nafarroa eta Iparraldea zigilutik kanpo daude, oraingoz.

Kirikoketa Besta, Arizkunen (Nafarroa), 2015eko urrian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Sagarrak behar ditu sagardoaren sektoreak, bertako sagarrak. Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko sagardoaren erdia baino gehiago egiten da kanpoko sagarrekin: 12,7 milioi litro ekoitzi ziren iaz zazpi lurraldeetan, eta erabilitako sagarren %55 atzerrikoak ziren. Are gehiago, oso-osorik euskal sagarrarekin egindako zigiluko litroak bakarrik 1,3 milioi dira: ekoizpen osoaren %12 baino ez. Erabat bertakoa den sagardoa Euskal Sagardoa jatorri izenak ziurtatuko du aurrerantzean—orain arteko Eusko Label sagardoaren ondorengoak—, eta zigiluak helburu bat jarri du mahai gainean: 2032rako sagardo guztia bertako sagarrekin egitea, kanpotik ekarri behar izan gabe. Egingarria al da?

Baiezkoan daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioak eta sagardogileen sektorea. Berez, gaur egun, sagar beharra daukan lurraldea Gipuzkoa da. Izan ere, bertan ekoizten dute herrialde osoko sagardoaren %94; eta ez dago produkzio hori guztia egiteko adina sagarrik, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian.

Kalkuluak eginda dauzkate: Gipuzkoak 310 hektarea sagasti gehiago behar ditu. 1.100 sagarrondo hektarea dauzka, eta5-6,25 milioi kilo sagar ematen dituzte. Hau da, 7,5 milioi kiloko hutsunea dago sagardotarako sagarretan, eta kanpotik inportatzen dute sagardogileek. Dirutan esanda, urtero 1,8 milioi eurok alde egiten dute lurraldetik, behar adina sagar ekoizteko modurik ez daukatelako. Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira datuak.

Sagasti berriak

Gipuzkoako Diputazioak, hain zuzen ere, iaz jarri zuen martxan plan bat sagarrondoen landaketa indartzeko, lurraldeko sagardogileak batzen dituzten bi elkarteekin adostuta: Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin eta Sagardoaren Mahaia elkartearekin. Urtero 300.000 eurotik gora jarriko ditu sagar ekoizleak laguntzeko. 1984an ekin zion aldundiak sagarrondo landaketak bultzatzeko planari, eta azken 31 urteetan 812 hektarea landatu dira Gipuzkoan; hala ere, azken urteotan geldotu egin da azalera berrien landatzea.

Laguntza berrien harira, «mugimendu handia» dagoela azaldu du Antton Mendiak, Fruitel frutazainen elkargoko ordezkariak. Gipuzkoako sagar ekoizleen elkartea da Fruitel, 200 bazkidekoa, eta laguntza teknikoa eskaintzen du. Laguntza berriei esker 2017rako 30 hektarea berri egongo direla dio Mendiak.

Sagasti berriak jartzeko apustua batez ere sagardogileak eurak ari dira egiten. Zailagoa da baserritarrak konbentzitzea ekoizpena handitu dezaten edo Euskal Sagarra zigiluarentzat ekoitzi dezaten, horretarako beharrezko baldintzak betez. «Arazoa da baserritar gehienek osagarri gisa daukatela sagarra», azaldu du Mendiak. «Askok atzera egiten dute, baldintza batzuk bete behar direlako. Gu elkartetik ari gara, pixkanaka, laguntza ematen eta eskaintzen».

Berez, bete beharreko baldintzak ez dira oso zailak: erregistratzea, makinei kontrol bat pasatzea —makinak erabiliz gero—, eta laborantza koadernoa betetzea. Azken hori da garrantzitsuena, eta datu guztiak erregistratu behar dira hor: hektarea kopurua, sagar motak, noiz kimatzen den, eta noiz eta zenbat ongarri edo produktu fitosanitario —sulfatoak, nagusiki— bota den, baldin eta botatzen badituzte.

Funtsean, bi arrazoi daude baserritarrek atzera egiteko: batetik, sagarra ez da errentagarria—kiloa 24 zentimotan erosten dute zigilurik erabiltzen ez duten sagardogileek, eta 27 zentimotan Gorenak edo orain arteko Eusko Label zigiludunek—; eta, bestetik, baserritar asko erretiratuta daude, eta ez daukate gogorik ziurtagirien paperak betetzen eta kontrolak egiten hasteko.

Halaxe esplikatu du Gipuzkoan urtero 100.000 litro sagardo egiten dituen sagardogile batek: «Nik ditudan baserritar hornitzaileak edadekoak dira, eta, oraingoz, ez dute hor sartu nahi». Sagardogileak ez du izenik eman gura. Aurten ez da sartu Euskal Sagardoa sor-markan, baina begi onez ikusten du, eta sartuko da, beharbada, datorren urtean. «Izango genuke aukera erabat bertako sagarrarekin egindako upelak egiteko. Baina lehenengo baserritarrak sartu behar ditut kontu horretan». Aurten, sagarren erdiak Galiziatik eta Frantziatik ekarri ditu. Bi urtean behin izaten da oparoa sagarraren uzta, eta aurtengoa urria izan da.

«Ondo iruditzen zaigu jatorri izen berria», dio urtean 50.000 litro ekoizten dituen beste sagardogile gipuzkoar batek. Baina zigilurik gabe saltzen du sagardoa. Sagarren %30 inguru kanpotik ekarri arren, aukera izango luke %100 bertakoarekin egiteko ere. Oraingoz ez zaio interesatzen zigiluan sartzea, baina ez du baztertzen aurrerago izena ematea.

Negozioa, batez ere, txotx sasoian dute bi sagardogile gipuzkoarrek. «Txotxa ez balego, sagardotegi erdiak pikutara joango lirateke». Botilarena beste mundu bat da. «Botilan ez dago hainbesteko negoziorik. Hemengo merkatua gainezka dago. Sagardogile gehiegi gaude, dudarik gabe. Gipuzkoan lehia handia dago, eta, lehia handitzen bada, prezioak goitik behera egiten du».

Nolanahi ere, bi sagardogileek uste dute Euskal Sagardoarena apustua ona dela, «salbazio bakarra kalitatea izango delako». Neurri batean, merkatuan prezioa igotzeko zain daude sagardogile txiki eta ertain batzuk, beraiek ere zigiluan sartzeko.

Kalitatearen alde egin izan du apustua Gorenak markak ere orain arte, eta hala egiten jarraituko du, han-hemengo sagarrak erabilita. «Gorenak markak ez du balio izan prezioa igotzeko. Produktua ezberdintzeko eta saltzerakoan argudio bat izateko bai, baina prezioa igotzeko ez. Gehienez ere, prezioari eusteko balio izan du», esan du Oihana Gainzerainek. Gorenak markaren ordezkaria izan da orain gutxi arte, baina orain jadanik ez.

Izan ere, publiko eta ofizial bihurtu da orain marka. Sagardoaren Mahaia elkarteko hamahiru kideek erabiltzen zuten orain arte; aurrerantzean, Jaurlaritzaren menpeko Hazi fundazioak kudeatuko du, eta baldintzak betetzen dituen edozein sagardogilek erabili ahal izango du. Pisu handia du eta izan du Gorenak zigiluak: urtean bost milioi litro inguru ekoizten ditu, ia Gipuzkoako ekoizpenaren erdia. Zigilua erabiltzen dutenek bertoko eta kanpoko sagarra darabilte; eta asmoa da hamabost urtean Gorenak markan ari direnak Euskal Sagardoa zigilura pasatuz joatea poliki-poliki, ia denek euskal sagarra bakarrik erabiliz produzitzeko.

Sagardoaren kultura aldatu eta sektorea duintzea da gakoa. Hona Fruiteleko ordezkariaren arrazoibidea: «Euskal Sagardoarekin helburua da sagardo bat kalitatearen bidez desberdintzea, eta kontsumitzailea prest egotea pixka bat gehiago ordaintzeko. Orduan, sagar ekoizleei pixka bat gehiago ordaindu ahalko zaie». Gainzerainen ustez ere, sagarra gehiago ordaintzeko, sagardoari eman behar zaio lehenik prestigioa, «sagardoaren errentagarritasuna ere zalantzan dago eta».

Nafarroa eta Iparraldea

Instituzioak eta sektorea elkarlanean ari dira esfortzua egiten sektorea biziberritu eta duintzeko, aldeek azaldu dutenez. Nolanahi ere, badira, oraingoz, Euskal sagardoa jatorri izenetik kanpo geratu diren euskal lurralde batzuk: Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Unai Agirre Euskal Sagardoa sor-markaren koordinatzailearen hitzetan, printzipioz Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa da jatorri izena, baina atea zabalik daukate beste euskal lurraldeentzat, eta haiek sartzeko interesa ere badago. «Nafarroa sartzeko interes handia dugu guk», zehaztu du, eta nafarrek ere badute gogoa,Jesus Angel Garcia Nafarroako Sagardogileen Elkarteko presidentearen aburuz. «Ez dugu eskaera ofizialik egin, baina sartu nahi dugu jatorri izenean». Nafarroa iparraldean sagastitarako nahikoa lur dagoela dio.

«Atea zabalik daukagu, bai, baina ez dakit zenbateraino», dio Garciak. Izan ere, bi autonomia erkidego hartzen dituen jatorri deitura izanez gero, Espainiako Elikadura Ministerioa bihurtuko litzateke arautzailea, eta ez Jaurlaritza, ez Nafarroako Gobernua. «Prozedura zaildu egingo litzateke pixka bat», Agirreren esanetan, baina, bi aldeetan dago interesa, eta aztertzeko prest daude. Azken finean, Idiazabalen moduko jatorri izen bat litzateke, bi erkidego hartzen dituena.

Ipar Euskal Herrian ere gogotsu hartu dute Euskal Sagardoa zigiluaren sorrera, eta sartu nahi lukete. «Ez dugu nahi sobera pisu izan, eta denborak behar du bere itzulia egin. Baina guk proposatuko dugu Euskal Herri guztiko sagardo bat behar dela; orokorki zerbait egiteko aukera irekita utzi behar da», Gabriel Durruti Sagartzea elkarteko ordezkariaren aburuz. «Iruditzen zaigu badirela hemen lur egokiak, zelaiak, eta gazteak ere badira nahi luketenak zerbait egin sagardoarekin».

Agirrek aitortu du Iparraldea sartzeak tramitazioa zailtzen duela, bi estatutan banatutako jatorri izena litzatekeelako: «Bruselak arautu beharko luke, eta ez dakit egon badagoen ere hark araututako jatorri izenik gaur egun Europan». Dena dela, zabalik dago zigilu berria. «Konplikatua da, baina oso interesgarria izan liteke gainerako euskal lurraldeak sartzea. Aztertu egin beharko litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.