Sagardoa txotxetik edo botilatik edatea da ohikoena Euskal Herrian, baina formatu berri bat ere izango da aurrerantzean: latako sagardoa. Ezkion (Gipuzkoa) aurkeztu dute gaur Zeraingo Oiharte sagardotegiaren egitasmoa, Sagardo Astearen barruan. 44 zentilitroko ontzietan salduko dute edaria, sustatzaileen esanetan, "kalitatezko sagardoa modu erraz batean" eskaintzeko helburuz. Bertako sagarrarekin egindako produktua dela nabarmendu dute, eta Euskal Sagardoa jatorrizko izendapenaren "kalitate berme zorrotzak" beteko dituela.
Oiharte sagardotegiko kideak ez ezik, Euskal Sagardoa izendapeneko, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.