Sailean ekoitzitako lehen furgoi elektrikoa prest du Mercedesek

Gasteizko lantegitik 2.000 Vito E-Cell aterako dira 2014 urtera bitartean, bederatzi milioi euroko inbertsioari eskerEuskal Herriko errepideetan ikusiko diren lehen aleak erosi ditu Eroskik

Mercedes-Benz furgoien saileko munduko arduraduna, Heinrich Weiss, Vito elektrikoa argindarrez kargatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Mercedes-Benz autogileak gertu dauka sailean ekoitzitako lehen furgoi elektrikoa. Erregai argindarra izango duen karga ibilgailua Gasteizko lantegian egokitu dute, enpresak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten akordioari esker. Vito E-Cell berriaren aurkezpen publikoa egin zuen atzo autogileak, eta lehen bezeroaren —Eroski banaketa talde kooperatiboa— eskuetan utzi zituen belaunaldi berriko bost ibilgailu.

Lantegia prestatzeko, bederatzi milioi euroko inbertsioa egin dute. Diruaren %70 Daimler taldeak jarri du, eta beste %30a Eusko Jaurlaritzak. Proiektua martxan jarri ahal izateko, 22 langilek eta 70 ingeniarik hartu dute parte. Ingeniaritza lan gehiena Alemaniako teknologia zentroetan egin da, hala ere.

Mercedes-Benzeko buruzagiak eta erakunde publikoetako ordezkariak bildu zituen Vito E-Cellen aurkezpenak. Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariak nabarmendu zuen «mugarria» dela enpresarentzat. Mercedes 56 urtez aritu da ibilgailuak ekoizten Arabako hiriburuan —1,7 milioi, guztira—, baina furgoi horiek dira barne errekuntzako motorra ez duten lehenbizikoak.

Munduan Mercedeseko furgoien produkzioa zuzentzen duen exekutiboak, Heinrich Weissek, merkantziak garraiatzeko ibilgailuen alorrean eman den aurrerapausoa goratu zuen. «Sailean produzitu den garraio furgoi bakarra da munduan. Hau ez da prototipo bat, ibilgailu osoa baizik».

Vito elektrikoak 130 kilometroko autonomia izango du, eta asko jota orduko 80 kilometroko abiadura ezarri diote, batez ere hiri barruko erabilera baterako pentsatuta dagoelako. Karga erabilgarria 900 kilokoa da. Vitoren ohiko ereduek 870 kilo eta 1,3 tona bitarteko karga dute. Bateriaren potentzia, gehienez ere, 70 kilowattekoa da. Karga azkarra hiruzpalau orduan egin ahalko da, eta, furgoia erabat hustu denean, sei ordu beharko ditu. Austriako Magna enpresarekin elkarlanean diseinatu du Mercedesek bateria.

Vito furgoi berriak ez du oraindik salneurririk kalera begira. Ibilgailua ezagutzera emateko, flotak behar dituzten bezeroekin harremanetan hasi da enpresa, baina oraingoz preziorik ez da ezarri. «Merkatuak esango digu zenbatean saldu beharko den», esan dute enpresako iturriek. Elektrikoak ez diren furgoiek prezio ezberdinak dituzte; 20.000 eurotik gora guztiak.

2014ra arteko helburuak

Proiektu aitzindaria izanik ere, produkzio helburu nahiko neurtuak plazaratu ditu konpainiak. Zenbaki ofizialen arabera, 2014. urtera bitartean 2.000 furgoi elektriko atera nahi ditu produkzio lerrotik. Kontuan hartu behar da urtean 100.000 ibilgailu ekoizteko gertu dagoela lantokia, egungo bi lan txandak aldatu gabe.

Hortaz, E-Cell berria ez da izango Mercedesek Araban furgoiak egiten jarraitzeko giltza. Izan ere, 2014. urtean egungo Vito eta Viano ordezkatuko duten ereduak non egingo diren aurten erabakiko duela iragarri du konpainiak. Gasteiz lehia horretan sartuta dago, baina orain negoziatzen hasiko den lan ituna erabakigarria izango dela ohartarazi die zuzendaritzak sindikatuei.

Erabaki horren garrantzia aitortu zuen Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak, bere aurkezpen hitzaldia amaitzerakoan. Haren irudiko, Gasteizko lantegiaren «lehiakortasuna» agerian utzi du furgoi elektrikoaren ekimenak. «Hori guztia Vito eta Viano berriak adjudikatzerakoan kontuan hartu beharko litzateke», Sebastianen hitzetan.

Produktibitatea, malgutasuna

Gaia zuzenean aipatu gabe, Europak eskatzen dituen produktibitate helburuen barruan daudela argudiatu zuen Emilio Titosek. «Lantegia errentagarria, fidagarria eta malgua da», laburbildu zuen. Besteak beste, hurrengo lan itunean malgutasuna areagotzeko neurriak exijituko dituztela aurreratu zien batzar batean Titosek Mercedeseko langileei.

Vito elektrikoen lehen bezeroa Euskal Herrian Eroski izango da. Lehen txandan bost izan dira, beste hamar izango dira urtea amaitu baino lehen, eta hamar gehiago 2012. urtean. Erosketak banatzeko erabiliko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.