Mobilizazio eguna izan dute gaur Sakanako herrietan (Nafarroa). Abian, Sakanan Bizi eta Lan plataformak deituta bi orduko lan uztea egin dute, krisi ekonomikoak eskualdean utzi dituen ondorio gogorrak salatzeko. "Sakanaren etorkizuna bermatu, eta herritarrek eskualdean bizi eta lan egiteko duten eskubidea" aldarrikatu dute. Lan uzteak, eta ondotik Altsasun egin den manifestazioak jaso duten erantzuna "oso arrakastatsua" izan dela adierazi dute antolatzaileek.
Lan uzteak izan duen jarraipena "oso zabala" izan da Abian, Sakanan Bizi eta Lan-ek azaldu duenez. Plataformaren arabera, herri nagusienetako komertzioek "ehuneko ehunean" bat egin dute deialdiarekin, eta "enpresa garrantzitsuenetan jarraipen nabarmena egin dute, batzuk enpleguaren erregulaziorako eskaera egina duten arren. Tailerrak, enpresa txikiak eta ikastolak gelditu egin dira, eta irakaskuntza publikoak lan uzte deigarria izan du".
12:30ean Altsasun egin duten manifestazioan, berriz, "2.000 pertsona inguru" bildu dira plataformaren arabera, eskualdean "azken garaian egon den manifestaziorik jendetsuenetakoa". Abian, Sakanan Bizi eta Lan-ek adierazi du hori dela "hemendik aurrera segitu beharreko bidea". "Indarrak bildu behar ditugu gure eta gure seme-alaben etorkizuna bermatuko duen eskualde eredua lortzeko".
Krisiak gogor erasandako eskualdea
Krisi ekonomikoaren ondorioak gogorrak izaten ari dira Sakanan. Bertan kokatutako industria anitzek enpleguaren erregulaziorako eskaerak egin dituzte. Hil honetan bertan, adibidez, Gamesaren Altsasuko lantegia ixteko baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta 150 langile kanporatu dituzte.
Bertzalde, CCOO sindikatuak gaur kaleratu duen txosten baten arabera, Sakana da, Erriberarekin batera, Nafarroan langabezia tasarik altuena duen eskualdea. Sindikatuak dioenez, Altsasu da Nafarroan langabezia tasarik altuena duen laugarren herria -%12,7-.
Ekonomia
Sakanako mobilizazio eguna "oso arrakastatsua" izan da da antolatzaileen arabera
'Abian, Sakanan Bizi eta Lan' plataformak deituta bi orduko lan uztea egin dute gaur, krisiak eskualdean utzi dituen ondorioak salatzeko. "Sakanaren etorkizuna bermatu, eta herritarrek eskualdean bizi eta lan egiteko duten eskubidea" aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu