Euskal Herriko eskualdeetan, Sakana da krisiak gogorren astindu dituenetako bat. Azken hilabeteetan enpresa bat baino gehiago itxi dituzte, eta Altsasun, esaterako, %23koa da langabezia tasa. Horrek, lan bila eskualdetik kanpora joatera behartzen ditu sakandarrak. Baina, haietako asko ez daude prest. Atzo, behintzat, ehunka lagun atera ziren kalera Sakanan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatzera.
Aspaldian Altsasun egindako mobilizaziorik jendetsuena izan zen atzokoa. Eta deitzaileek, Abian, Sakanan bizi eta lan plataformako kideek, arrakastatsutzat jo zuten jasotako erantzuna. Haien esanetan, agerian gelditu da sakandarrek eskualdea defendatzeko duten gogoa eta grina. Izan ere, manifestazioaz gain, bi orduko lanuztea ere egin zutenen eskualdean.
Plataformako kideen arabera, merkataritza sektorean erabateko erantzuna izan zuen deialdiak eta eskualdeko enpresa garrantzitsuenetan ere antzeman zuten eragina, nahiz eta haietako gehienak enplegu erregulazioan egon. Lantegi txiki gehienek lan egiteari utzi zieten bi orduz, ikastolek ateak itxi zituzten eta baita ikastetxe publiko askok ere.
Sakanan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea, ehunka lagunen aldarri
Bi orduko lanuztea ere egin dute eskualdean, eta, deitzaileen arabera, erantzun handia izan du sektore guztietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu