Sakelarako frekuentzien banaketak 2.000 milioi euro emango dizkio Espainiari

Enkantearen formula lehenetsi du Espainiako Industria Ministerioak eremu erradioelektrikoa adjudikatzeko prozesuanErkidegoko baimenak eskura izateak bidea erraztuko dio Euskalteli

Erredakzioa
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Urteko bigarren hiruhilekoan telekomunikazioen etorkizuna baldintzatuko duen erabaki bat hartuko du Espainiako Gobernuak. Guztira, eremu erradioelektrikoan 310 Megahertz banatuko ditu konpainien artean. Gaur egunkomunikazio mugikorrarentzako eskura dagoen eremua %70 handituko da, eta sektorea finkatuko du 2030.urtera bitarte.

Espainiako Industria Ministroak, Miguel Sebastianek, gobernuak esku artean duen dekretuaren eduki nagusiak aurreratu zituen atzo Bartzelonan, World Mobile Congress batzarrean. Baimenen truke 1.500 eta 2.000 milioi euro bitartean lortzea espero du Zapateroren gobernuak. Diru guztia ez da gobernuaren kutxan geratuko, 800 milioi euro inguru Lurreko Telebista Digitala egokitzen gastatuko baitu.

Diru gehiago ere izan liteke, gainera. Lehen aldiz, frekuentzia berriak banatzeko prozeduran enkante bidezko adjudikazioa lehenetsiko du Industria Ministerioak. Espainiako Gobernuak eremuaren %90 enkante bidez eskainiko du. Gutxieneko prezioa ere ezarri dio eremu bloke bakoitzari. Banda interesgarrienetan — 800 eta 900 MHz — gutxienez 1.400 milioi eskuratzea espero du.

Formula ez da berria, eta arrakastatsua izan da beste toki batzuetan. Telefonia mugikorraren adjudikazioek milaka milioi euro utzi zituzten Erresuma Batuko edo Alemaniako administrazioen eskuetan, esaterako.

Orain arte, baimenak lehiaketa publikoen bidez eman ditu gobernuak. Eskema horrek kritikak jaso ditu. Telefonicak edo Vodafonek milaka milioi euro ordaindu behar izan dituzte herrialde askotan lizentzia onak lortzeko, baina Espainian, besteekin alderatuz, oso merke atera zaie. Konpainiek, aldiz, lehiaketa publikoa defendatu dute, eta baimenaren truke egin beharreko gutxieneko inbertsioa finkatzeko eskatu diote gobernuari. Parte batzuk horrela emango dira orain ere.

Hurrengo lau urteotan sare mugikorren bidez egiten den datu trafikoa %40 handituko dela kalkulatu du Espainiako Industria Ministerioak. Zerbitzua eskaintzeko, konpainia handiak frekuentzia gehiago lortzera behartuta daude, eta eremuaren banaketatik at geratzen den enpresak etorkizun iluna du. 2011-2013ko epean 1.200 milioi euroren inbertsioak eta 40.000 lanpostu sortuko ditu prozesuak, Sebastianen arabera.

Erkidego mailako baimenak

Eremu erradioelektrikoaren parte bat erkidegoka banatzea erabaki du Industria Ministerioak, 2,6 gigahertzeko bandan. Hasiera batean, kable bidezko zerbitzua ematen duten tokiko enpresentzat erabaki mesedegarria da; horien artean dago Euskaltel. Haatik, sare mugikor propioa izateko 800 edo 900 megahertzeko bandan ere lizentzia bat lortzen saiatuko da Euskaltel, Ono, R eta Telecablerekin elkar hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.