Mondragonen aurkako epaiketa

Salaketa preskribatuta dagoela ebatzi du epaileak

Ordainduk eta Eskuratuk Mondragonen aurka jarritako auzi eske kolektiboko epaiketaren mamia ez du aztertu epaileak, salaketa bera epez kanpo egin zela ebatzi duelako.

Mondragonen aurkao epaiketa, Bergaran, joan den maiatzean. JUANAN RUIZ / FOKU
xabier martin
2018ko uztailaren 27a
07:33
Entzun

Mondragon ez da Ordainduk eta Eskuratuk auzitegian eskatutako arduren erantzule. Fagor Etxetresnak kooperatibako langile ohien talde baten auzi eske kolektiboa ez du aintzat hartu Bergarako epaitegiko titularrak, nahiz eta lau eguneko epaiketa egin zen udaberrian. Kasua preskribatuta dagoelako epailea ez da sartu epaiketaren mamian. Salatzaileek hogei eguneko tartea izango dute helegitea jartzeko. Donostiako auzitegian egin beharko dute, horrela erabakitzen badute. Hura onartuko balute, epaiketaren mamia epaituko litzateke agian, baina gaur-gaurkoz mahai gainean dagoena da Ordainduk eta Eskuratuk Mondragoni egindako salaketa porrot bat izan dela.

Bergarako areto txikian, lau egunez lupaz aztertu zen etxetresna kooperatibaren gainbeheraren kudeaketa, baina Angela Rodriguez-Monsalve epaileak lehen-lehenik salaketa bera preskribatua dagoen ala ez erabaki behar zuen. Defentsak esan zuen maiatzaren 11n, epaiketaren azken egunean, hartzekodunek urtebete dutela salaketa jartzeko kaltea egin dietela finkaturik geratzen denetik. Arantza Estefaniak esplikatu zuen konkurtsoko kudeatzailearen txostenak abiarazi zuela epe hori, 2014ko apirilean, hark argitzen duelako likidazioarekin ere ez dela dirurik izango hartzekodun gehien-gehienei pagatzeko. Fagor Etxetresnen aktibo gehienak Cataren aldeko adjudikazioa egitean has daitezke kontatzen urtea, bestela, 38,5 milioi euro baizik ez zirela lortuko argi geratzean. Mila milioiko zorra zegoela kontuan hartu behar da, 9.000 hartzekodun. Auzi eskea, berriz, 2015eko azaroan jarri zuten Eskuratuk eta Ordainduk.

Akusazioko abokatuak zioen ez dela bete epemuga, eten egingo lukeelako Eskuratu eta Ordaindu eratzeko ekintzek, eta likidazioak berak, «ez delako bukatu». Baina epaileak preskripzioa ikusi du, eta ez da hasi epaiketaren mamia aztertzen.

Epaiketa amaitu zenean, Ekonominutua egin zuten Iker Aranburu eta Xabier Martin kazetariek epaiketa aztertuz.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=2ggm2h3z4oI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.