Urtarrilean argindarraren prezioa igo egingo da. Zenbat, ez dago argi. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez, Gobernuak oraindik ez du erabaki. Hala ere, igoera %10 baino txikiagoa izango dela iradoki du.
Azken baliabideko argindar tarifak bi zati izaten ditu: alde batetik, araututako sarbideen tarifa eta, bestetik, energiaren kostua. Lehena Espainiako Gobernuak finkatzen du, eta 2011rako bere hartan uztea erabaki du. Argindarraren fakturan %45 inguru hari dagokio. Bigarrena, hiru hilen behin adosten da, enkanteen bidez.
Herenegun egin zen azkena, eta 2011ko lehen hiruhilekorako prezioa %4,3 igo zen oinarrizko produktuarentzat eta %1,86 puntako ordukoarentzat. 10 kilowattetik beherako kontsumo kontratuei eragiten die aldaketak. Alabaina, megawattaren prezioa ere parte bat bakarrik da, gaitasunarengatiko ordainketa, energia zentralen erabilgarritasuna eta beste hainbat faktore ere kontuan hartu behar dira.
Horiek guztiak kontuan hartuta, energiari dagokion zatia %21 garestitu daiteke. Besteak beste, erabilgarritasun kostuak %72 igoko dira, Espainiako ikatza erabiltzeko onartu diren laguntzengatik. Datu horiek aintzat hartuta ondorioztatu dute energia arloko enpresek %10 ingurukoa izan daitekeela argindarraren garestitzea.
2008tik, %50 garestiago
OCU kontsumitzaileen elkarteak salatu du %10eko igoera onartuz gero 2008tik %50 garestituko dela argindarra, hau da, orain bi urte baino 222 euro gehiago ordaindu beharko dutela kontsumitzaileek. Aurten ere bi igoera izan dira.Urtarrilean %2,67 igo zen tarifa, eta urrian, %4,8. Horretaz gain, uztailean onartutako BEZaren igoerak ere eragin dio. «Igoera baieztatzen bada, Espainiak izango du Europako Batasuneko tarifarik garestiena Alemaniaren eta Danimarkaren atzetik», gaineratu du kontsumitzaileen elkarteak.
Salgadok dio gobernuak oraindik ez duela ebatzi argindarra zenbat garestitu
Energia enpresen arabera, %10 ingurukoa izan daiteke igoera; Ekonomia ministroak ezetz iradoki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu