Beherapenen hilabetea izan ohi da uztaila. Eta arropa eta oinetakoak merkatzeak KPI kontsumo prezioen indizea jaistea eragiten du. Hala gertatu da oraingoan ere. Ekainetik uztailera bitartean %0,3 apaldu dira salneurriak, INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera. Alabaina, aurtengo jaitsiera aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan da -iaz, esaterako, %0,8 gutxitu zen KPIa uztailean-. Balio erantsiaren zergaren tasak aldatu izanak eragin du hori.
Ofizialki beherapenen sasoia hasi zen egun berberean, uztailaren 1ean, jarri ziren indarrean BEZaren tasa berriak: %7tik%8ra pasatu zen tasa murriztua eta %16tik %18ra tasa orokorra. Arropak, oinetakoak eta ontziteria ez beste produktu gehienak garestitu egin dira ordutik. Turismoarekin lotutako jardueretan igarri da gehien igoera. Hotelen eta antolatutako bidaien prezioak %10 inguru garestitu dira uztailean. Nafarroan, are handiagoa izan da gorakada. Ostatuen tarifak, kasu, %23 igo dira hilabetean.
Ekainetik uztailera prezioek behera egin arren, bestelakoa da urtearteko datua. 2009an baino %1,9 garestiago daude salneurriak Hego Euskal Herrian: %2 igo dira Araban, %1,9 Bizkaian, %1,8 Nafarroan eta %1,7 Gipuzkoan. Urte hasieratik uztailera bitartean pilatutako inflazioa, berriz, %0,4koa da.
Tabakoa da azken urtebetean gehien garestitu den produktua, iaz baino %12 gehiago baliodu. Autoentzako produktuak %10 igo dira. Halaber, aipagarria da elektrizitatea eta gasa ere %7tik gora garestitu direla iaztik, eta finantza zerbitzuak %6 inguru.
Kontrako muturrean, gehien merkatu diren produktuen artean ikus-entzunezko tresnak eta informatika arlokoak daude. Joan den urtean baino %6,5 merkeago eskura daitezke horiek.
Datu «baikorra»
Euskadiko CCOOk prezioen egonkortasuna lortu ahal izateko eragile ekonomiko eta sozialen arteko kolaborazioa eskatu du.Langileek eros ahalmena galdu dutela nabarmendu du, eta lan erreformak are gehiago gogortuko dituela lan baldintzak uste du. Hala, behar-beharrezkotzat jo du irailaren 29ko greba orokorra.
Nafarroako Merkataritza Ganberak «ezin hobetzat» jo du inflazioa edukitzen ari den bilakaera. «Eskaerak igotzeak eragin ona izan du salneurrietan», esan du. Haren arabera, beherapenak amaitzen direnean kontsumoa murriztu egingo da, eta litekeena da horrek prezioen igoera geldiaraztea. Inflazioa %2tik ez urruntzea garrantzitsua dela azaldu du Merkataritza Ganberak.
Salneurriak %0,3 merkatu dira uztailean, merkealdien eraginez
INEk emandako kopuruen arabera, urtearteko inflazioa %1,9koa da Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu