“BEZik gabeko egunak”, “Aurreztu BEZa”, “BEZik gabeko astea” moduko marketin kanpainak hedatu egin dira azken urteotan, batez ere saltoki handietan. Gipuzkoako Ogasuna "kezkatuta" dago era horretako kanpainek duten eraginarekin. Era berean, hainbat enpresa txikik eta gremiok, merkataritza "praktika horiekin haserretuta", kexa agertu diote Ogasunari. Hori dela eta, Helena Francok eskutitza igorri du Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzara, "esku har dezan".
“Horrelako praktikek efektu negatibo bikoitza dute", azaldu du Francok; "Batetik, zergadunei bere zerga obligazioak betetzeko pizgarria kendu baitiezaieke, ulertarazten baitu BEZa ordaintzea edo ez ordaintzea saltzailearen borondatearen araberakoa dela. Eta hori salmentari edo zerbitzu prestazioari lotutako beste esparru batera eramanez gero, zerga iruzurrezko portaerak eragin ditzake".
Gainera, engainuzko publizitate kasuak gerta daitezkeela uste du Gipuzkoako Ogasunak, "salmentak BEZik gabe egingo direla adierazten baita". “Hori gezurra da, argi eta garbi”, dio Ogasunak igorritako idatziak. Hala, praktika horien inguruko zerrenda bat jasotzen du jakinarazpen horrek, sailak "egoki deritzon jarduketak egin ditzan eta aurrerantzean horrelakorik gerta ez dadin".
Praktika horiekin hainbat enpresa txikik eta gremiok Ogasunari haserrea jakinarazi ondoren, bost elkartek izenpetutako idatzi bat bidali dute Jaurlaritzara.