Negoziazio kolektiboa

Saltoki handietako langileak, itun propio baten bila

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei laguntzeko eskatu diete, legez besteko proposamen baten bidez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 7.600 langile daude saltoki handietan. Beste milaka batzuk Nafarroan. BERRIA
Ivan Santamaria.
2014ko ekainaren 3a
12:24
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 7.600 langile daude saltoki handietan. Beste milaka batzuk dira Nafarroan. Ez dute herrialdeko lan hitzarmenik, eta Espainian indarrean dagoena ezartzen zaie. Azkena iaz sinatu zuten patronalak eta Espainiako Fasga eta Fetico sindikatuek. "Hemengo enpresek geroz eta baldintza eskasagoak ezartzen dituzte, eta saltoki handien eta txikizkako merkataritzaren arteko aldea handitzen ari da", Rakel Rodriguez ELAko ordezkariaren arabera.

Itun propioaren aldeko kanpaina jarri du martxan ELAk. Gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute. Asmoa euren egoera salatzea zen, baina ez hori bakarrik. Ganberan ordezkaritza duten alderdiekin bilera eskatu dute. Elkarrizketa horietan sindikatuak prestatu duen legez besteko proposamen bat helarazi diete. Hori tramitatzea eskatuko diete alderdiei. "Herrialde mailako txikizkako itunekin batera saltoki handietan Espainiakoa egotea dumping-a da, eta alderdiei eskatzen diegu salaketa horrekin bat egiteko", Rodriguezen hitzetan.

Orduko, 7,75 euro

Baldintza berriak kritikatu dituzte sindikatuetako ordezkariek. Gehienek urtean 28 lan ordu gehiago "inposatu" dute, eta lantaldeak "zorrotz" ari dira murrizten. "Lan zama, presioa eta kontrola etenik gabe handitzen ari dira", ELAko kidearen aburuz. Langileei eskaini zitzaien aukera ez dela erreala uste dute, gainera. "28 ordu gehiago lan egitearen eta lanaldia murriztearen artean erabaki behar zuten. Bidegabea eta ezmorala da".

Biltoki handietan lan egindako ordu bakoitzeko 7,75 euro kobratzen dituzte. Metalgintzako merkataritzan, berriz, ordaina 8,6 eta 10,73 euro artekoa da. Urtero saltoki handietako langile batek 13.951 euro kobratzen ditu, eta 1798 ordu lan egiten du. Enpresa handiek, berriz, etekinak pilatzen dituztela salatu du ELAk. Corte Inglesek 260 milioi irabazi zituen, Carrefourrek 214 milioi, Alcampok 95 milioi eta Ikeak 81 milioi, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.