Amaitu dituzte EHNEk eta Enbak esne ekoizleen egoera salatzeko egin dituzten mobilizazioak. Administraziora joz hasi zuten ibilbidea duela pare bat aste; industrian egin zuten hurrengo geldialdia; eta atzo, berriz, banatzaileen aurrean egindako elkarretaratzeekin helmugara iritsi ziren.
Hiru saltoki handitan egin zituzten protestak baserritarrek: Bizkaian, Sestaoko Carrefourren aurrean; Nafarroan, Atarrabiako Diaren parean, eta Gipuzkoan, berriz, Usurbileko Urbil merkataritza zentroan.
Hain zuzen, hantxe izan ziren Eneritz Otamendi EHNEko bozeramailea, eta Mikel Arteaga Enbakoa. Elkarretaratzearen ondoren, esnea isuri zuten lurrera protesta modura, eta pegatinak ere erantsi zizkieten hutsik geratu ziren kaxei. Honako hau irakur zitekeen haietan: Esnea baserritarrei 0,28 zentimo ordaintzen digute. Zuk zenbat ordaintzen duzu? Zenbat ordaintzen da aldea?
Esne litroagatik 28 zentimo jasotzen dituztela diote baserritarrek, baina hori ekoiztea 46 zentimo kosta zaiela. Hori gutxi balitz bezala, saltokiak 49 zentimotan ere saltzen dutela salatu dute. Otamendik gaineratu du, merkataritza kate handiek «amu» gisa erabiltzen dutela esnea prezioen borrokan, eta hori legez kanpoko praktika dela gogorazi du.
Horregatik, batetik, kate komertzialeko maila guztiak kontrolatuko dituen prezioen behatoki bat martxan jartzea eskatu dute, eta, bestetik, ontzietan etiketa bat azaltzea, nekazarien ordaintzen zaiena zehaztuz.
Otamendik, bi aste horietako ibilbidea ontzat jo du, eta jendeak «ongi» erantzun duela uste du. «Orain ikusi beharra dago zein ondorio dituen, eta aurrerantzean mobilizatzen jarraitu behar dugun ala ez». Hala eta guztiz ere, bertako administrazioetatik eta Europatik datozen berriak onak ez direla gogoratu du.
Baserriak egunero ixten ari direla jakinarazi du Otamendik: «Azken hogei urteetan, gutxitu egingara: lehen 4.000 esne ekoizle ginen, eta orain 400 gara».
Saltoki handietan amaitu dituzte mobilizazioak EHNEk eta Enbak
Esnea merke saltzea eta prezioen borrokan «amu» gisa erabili izatea egotzi diete sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu