Etxebizitza

Saltzekotan, %24 merkeago

Jaurlaritzak egindako txosten baten arabera, etxebizitza erabilien prezioak 2003koen pare kokatu dira, eta berrienak, 2005ekoen pare.

Etxebizitzak salgai, Iruñean. IñIGO URIZ, ARP
Miren Garate.
2014ko martxoaren 5a
00:10
Entzun

Asko merkatu dira, eta merkatze hori oraindik ez da bukatu. Ondorio hori atera daiteke Eusko Jaurlaritzak egindako higiezinen eskaintzari buruzko txostenetik. Etxe berrien, bigarren eskukoen nahiz alokairuen prezioa jaitsi da, nahiz eta erritmo ezberdinetan izan. Ordea, babes ofizialeko etxearen metro koadroa %22,8 garestitu da 2007. urte bukaeratik. Hala, merkatu librekoekin zuten aldea txikitu egin da: hiru aldiz merkeago ziren lehen, bi aldiz merkeago orain.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 173 etxe agentziak eta 172 sustatzailek emandako datuekin osatu du txostena Jaurlaritzak. Haren arabera, iaz, %11 merkatu zen bigarren eskuko etxearen metro koadro erabilgarria. 2007 bukaeratik izandako jaitsiera handiena da. Hain zuzen, ordutik %27,2 murriztu da prezioa, eta gaur egun, 3.172 euroren bueltan dabil metro koadroa.

Etxe berriek ere merkatzen jarraitu zuten, baina gutxiago: %6,8. Sei urtean %15,2 gutxitu da salneurria, eta metro koadroak 3.486 euro inguruko balioa du gaur egun. Hau da, etxe berrien salneurriak 2005ekoen pare dabiltza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta bigarren eskuko etxeenak, 2003koen pare.

Hamar hilabete zain

Jaurlaritzaren txostenaren arabera, bigarren eskuko etxeak batez beste 271.800 euroan saldu ziren iaz. Etxea saldu ahal izateko hamar hilabete egon behar izan zuten jabeek, eta hasierako prezioa %24 inguru jaitsi. Etxe berrien kasuan, sustatzaile nahiz etxe agentziek prezioak 18.400 euro murriztu zituzten, eta batez beste 283.800 euro egin zuten etxeek. Salmenta epea urtebete ingurukoa izan zen.

Alokairuari dagokionez, %3,6 murriztu zen prezioa merkatu librean iaz. Alde handia dago herrialde batetik bestera: 2007 eta 2013 artean, errenta %18,1 murriztu da Araban, %8,9 Gipuzkoan eta %4,2 Bizkaian. Hala, Arabak zuen 2007an alokairu garestiena, baina merkeena du orain.

Susperraldi zantzuak

Merkatuak ahul jarraitzen duela dio Jaurlaritzak, baina nolabaiteko susperraldi bat ere igartzen du, bereziki etxe berrien salmentan. "Prezioak egonkortu eta pixka bat suspertuko direla aurreikusten da, baina ez epe laburrean nabarmen gora egiterik. Bizkaian eta Gipuzkoan prezioen bilakaera indizean hobekuntza nabari den arren, Araban doitzeko joerari eusten diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.