S&Pk mehatxua bete du, eta AAA kalifikazioa kendu dio Frantziari

Austriari ere zorraren kalifikazioa koska bat jaitsi dio, eta Espainiari, Italiari eta Portugali bi koska jaitsi dizkioFrantziako Gobernuak esan du ez duela onartuko murrizketa plan berririk

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Azarokoa akats informatikoa izan zen. Atzo arratsaldeko lehen ordukoa, zurrumurrua. Eta gauekoa, albistea: Standard & Poor's kalifikazio agentziak (S&P) mehatxua bete du, eta kalifikazio gorena (AAA) kendu dio Frantziaren luzera begirako zorrari. Koska bat jaitsi dio, AAAtik AA+era —bi koska jaisteko aukera aipatu zuen abenduan—. Frantziarekin batera, kalifikazio gorena kendu dio Austriari ere. Beste bi kalifikazio agentzia nagusiek, Moody'sek eta Fitchek, eutsi egiten diote Frantziaren A hirukoitzari.

Horrek zer esan nahi du? Frantzia ez dagoela herrialde fidagarrienen barruan, fidagarritasuna galdu duela eta galera hori dirutan ordainduko duela merkatuetan, diru bila jotzen duenean. Zorragatik espero baino gehiago ordaintzen badu, diru hori beste nonbait aurreztu beharko du.

François Baroin Ekonomia ministroak, hala ere, atzo baztertu egin zuen murrizketa gehiago onartzea. France2 telebistan esan zuen kalifikazio agentziek ez dituztela zehazten Frantziaren politikak eta berretsi egiten duela erreformei eusteko premia.

Kalifikazio jaitsieraren eragina ez da bat-batekoa izango. Merkatuetan duela hilabete batzuetatik ziurtzat jotzen zuten hala gertatuko zela. Azaroan goia jo zuen haren arrisku sariak; hau da, Alemaniak baino zenbat gehiago ordaindu behar dien inbertsiogileei hamar urterako zor bonuengatik. 190 puntura iritsi zen, 2010eko batez bestekoaren halako sei.

Frantziari kalifikazioa jaitsita, hurrengo erabakiak errenkan etorriko dira: herrialdeko bankuei, administrazioei eta enpresei ere jaistea. Ondorioz, haientzat garestiagoa izango da zor merkatuetan dirua lortzea. Zenbat eta kalifikazio apalagoa, interes handiagoa eskatzen diete. Erabakiak nazioarteko inbertsio funtsen dirua urrundu dezake, batzuek kalifikazio goreneko produktuetan bakarrik inbertitzen baitute.

Eurogunean lau herrialdek bakarrik eusten diete zorraren kalifikazio gorenari: Alemaniak, Herbehereek, Belgikak eta Luxenburgok. Eta horietatik bakarrakbabesten du EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Tresnaren zorra: Alemaniak.

EFSFren eragina

Erabakiak eragin kaltegarria izango du EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Tresnan. EFSFk zorra jaulkitzen du, Greziari, Irlandari eta Portugali dirua uzteko. EFSFk jaulkitako zorrak AAA kalifikazioa du, Alemaniaren eta Frantziaren fidagarritasunean oinarrituta. Frantziak AAA kalifikazioa galduta, EFSFren zorrak ere galduko du ziurrenik—S&Pk galtzeko arriskua duela esan zuen—. Hala gertatzen bada, EFSFrentzat garestiagoa izango da zor merkatuetan dirua lortzea. Asteartean ikusiko da, 1.500 milioi euro jaulki behar baititu.

Abenduan S&Pk ia euroguneko herrialde guztiei ohartarazi zien haien zorraren kalifikazioa berrikusiko zuela, tartean Alemaniari, Frantziari eta Espainiari. Espainiari, Italiari eta Portugali kalifikazioa bi koska jaitsi die, Espainiari Ara, Italiari BBB+era eta Portugali BBra. Espainiari jaisteak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko erakundeen kalifikazioetan ere.

Abenduko ohartarazpenak hautsak harrotu zituen, Europako agintarien goi bilera baten bezperan hartuko zuelako, eta S&Pk onartu zuelako agintariei xantaia egin nahi ziela, goi bilerako erabakiak baldintzatu nahi zituela. Beste behin, sutara gasolioa botatzea leporatu zioten S&Pri.

Iazko abuztuan zurrumurrua zabaldu zen Frantziaren luzera begirako zorrari AAA kalifikazio gorena jaitsiko ziotela. Zurrumurruen ondorioz, burtsetan izua zabaldu zen, eta amildu egin ziren. Hiru hilabete geroago, S&Pk mezu elektroniko bat bidali zien inbertsiogile guztiei, esanez Frantziari A hirukoitza kendu ziola. Pixka bat geroago onartu zuen «akats teknikoa» izan zela eta mezua «automatikoki» bidali zutela. Alegia, mezua lehendik prestatuta zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.