Lan gatazkak

Santa Ana de Boluetan 11 eguneko greba hasi dute

Behargin batzuk, lantegiaren atarian eginiko protesta batean. ELA
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 12a
17:05
Entzun

Zuzendaritzak proposatutako aldi baterako lan-erregulazio txostenaren aurka, Santa Ana de Bolueta enpresako langileek greba hasi zuten atzo, eta beste hamar lanuzte egingo dituzte, bi egunean behin. 1841ean sortu zuten enpresa hori, eta Abanto Zierbenako Abrako industrialdean (Bizkaia) dago. 50 langile inguru ditu, eta meategietarako bolak ekoizten ditu. Iaz, Molycop AEBetako multinazionalak erosi zuen.

ELAren arabera, urtebete baino gutxiago igaro da Molycopen esku dagoenetik, eta langileek oraindik ez dituzte ezagutzen konpainia horrek Bizkaiko lantegirako zer asmo dituen. Sindikatuak jakinarazi duenez, duela hilabete batzuk zortzi langile kaleratu zituzten, eta otsailaren 13an 30 langileri eragiten dien lan-erregulazio txostena aurkeztu zuen zuzendaritzak, ekoizpen falta eta galera ekonomikoa argudiatuta.

Sindikatuak salatu duenez, baina, zuzendaritzak langileei aurkeztu dien balantzeak finantza egoera «osasungarri» bat erakusten du: azken ekitaldian 2,1 milioi euro irabazi zituela dio txostenak. Hala ere, zuzendaritzak onartu du azken urtean aparteko ordu asko egin behar izan dituztela langileek. ELAren arabera, horrek adierazten du egoera ez dela konpainiak berak deskribatzen duen bezalakoa.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.