Santu errugabeak idatzi zuenean, hil berri den Delibesek ez zituen txerritxo ehiztariak gogoan. Irabazten duenaz harro agertu zen BBVAko (+%0,09) presidentea atzo Bilboko Euskalduna jauregiko akziodun batzarrean, eta, bekatu eta harrabots gutxiagoz, baina, Olabarri kalean ere santu gutxi dabil. AEBetako kontsumitzaile santuen konfiantzak behera egiteak Wall Street nahasi zuen, eta, ondotik, Ibex-35 (+%0,29) ere bai. 100 puntu gorago ibili ostean, 11.080 puntuen azpitik amaitu zuen atzoko jarduna. BBVA eta Telefonica ia mugitu ere ez ziren egin, baina galerak izan zituzten. Gorrian murgildu ziren ere Repsol-YPF (-%0,42) eta, %1na pasa galduz, Bankinter, Ebro Puleva eta Gamesa. Santanderrek eta Iberdrolak %0,3na pasa irabazteak salbatu zuen indizea. 1.233 milioiren salerosketa irrigarriarekin, metafora gutxi egin liteke. Condek adina dakien Marioren batekin bost ordu eta gehiago beharko dituzte euroguneko Ekonomia ministroek hau onbideratzeko.
Telecinco (+%0,05) telebistak aurrera jarraitzen du Cuatro lehiakidea irensteko prozesuan: 61,6 milioiren kapital hedatzea burutuko du, eta Prisa lehiakidea bihurtuko da Telecinco berriaren %18,3ren jabe. Digital Plusen %22 eta Cuatro jarriko ditu trukean. LTD bidezko zortzi kateren jabe izango da Telecinco berria, Espainiako ikus-entzuleen %25 pasa bereganatuz. Gainera, Prisak bi kontseilari izendatu ahal izango ditu. Duela bi urte, akzioko hamar euroan zen Telecinco; iazko martxoan, lau eurora jaitsi zen, eta hamar euroan da berriz. Mendi errusiarra.
Santu errugabe gutxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu