Euskadi 2010 Estrategia Energetikoa aurkeztu zuten atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Ana Agirre Industria sailburuak. «Gutxinaka-gutxinaka, baina 2010erako Santurtziko eta Pasaiako zentralak itxita nahi ditugu», esan zuen Agirrek, labur. Erregai moduan gas naturala darabilten ziklo bateratuko zentralei eman zien lehentasuna. Izan ere, fuel-olioz elikatzen da Santurtzikoa, eta inportatutako ikatzez Pasaiakoa. Gehiago kutsatu, ziklo bateratuko zentralek baino argindar gutxiago ekoitzi eta zaharragoak dira Iberdrolaren zentral bi horiek. Gainera, gas naturalaren erabileran «lider» izan nahi du Jaurlaritzak, eta Bizkaiko Badia, Boroako ziklo bateratua eta Zabalgarbi jarri zituen Agirrek geroko zentralen eredu gisa. Jaurlaritzaren asmoa da elektrizitatea ekoizteko orduan petrolio baztertzen joatea, eta gas naturala ez ezik, energia berriztagarriak areagotzea.Izan ere, Agirrek ohartarazi zuen haizeak, urak eta eguzkiak eragindako energiaren ekarpena orain halako hiru izatea nahi dutela 2010erako. «1.000 megawatt, Euskadi osoko etxeak hornitzeko beste».
Petrolioa aurreztu guran
Bost urteren buruan 975.000 tona petrolio aurreztu nahi ditu Jaurlaritzak, halaber, eta nahitaezkoa deritzo diru laguntzei eta garapen teknologikoari eustea, «industriaren eta garraioaren artean energia horren guztiaren %92 aurreztuko badute».
Datu zehatzagoak eman zituen Agirrek: «2000an 6,7 milioi tona petrolio kontsumitu genituen, eta urterik urte %3,4 gehiago kontsumituko dugu, energia plana ezarri ezean». Ildo horretatik, sailburuak atzera ziklo bateratuko zentralen gaiari heldu zion. «Arduratuta gaude halako proiektuek jaso duten kritikengatik. Ezin da etengabe ezetz esan alternatibak proposatu gabe. Ezin da etengabe ezetz esan herritarrei kontatu barik proiektuok gabe zeri uko egin beharko dioten».Sailburuaren bidetik, Ibarretxek azaldu zuen «gizarte osoaren babesa» behar duela garapen iraunkorrak. «Eskuz esku jardun behar dute eragileek: sektore pribatuak, publikoak eta, orobat, herritar guztiek». Elkarlanik gabe estrategiak ez du aurrera egingo, eta «estrategiak aurrera egiten ez badu, nekez ekoitzi ahalko dugu energia kalitatekoa, garbia eta merkeagoa». Dena den, «euskal gizartea militantea da garapen iraunkorrari dagokionez», eta lehendakaria ziur dago estrategia bultzatuko duela. Bestela ere, Jaurlaritzak 4.900 milioi euroren inbertsioak sustatuko ditu energiaren sektorean: 423 milioi eurora iritsiko dira diru laguntzak eta inbertsio publikoak, eta 630 milioi gastatuko ditu eraginkortasun programetan.
-
KYOTOKO ITUNA
«CO2 isurtzeko eskubideak falta ditugu hemen»
Kyotoko Ituna betetzea, «traba baino gehiago, harro egoteko moduko lorpena» dela nabarmendu zuen Ibarretxek. Aitzitik, Itunaren alboko kalteez hitz egin zuen Agirrek: «Txinak, AEBek, Indiak eta beste zenbaitzuek ez dute ituna bere egin eta, hortaz, deslokalizazioak areagotu daitezke». Gainera, Industria sailburuak esan zuen «gaizki» banatuta daudela CO2 isurtzeko eskubideak. «Herrialdeen arabera banatu dituzte, eta ez industrien arabera. Hala, eskubide gehiegi lortu ditu energia sektoreak, eta gutxiegi industriak». Are gehiago, Agirrek salatu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresei isurketa kopuru txikiegia eman dietela: «Bost milioi tona CO2ko defizita daukagu». Gabezia horrek 20 milioi euroren kostuak eragingo ditu, eta «kalteak handiagoak» izango dira Kyotoko Itunak aurrera jo ahala. «Oztopoak oztopo, bete egin behar dugu ituna, kutsadura gutxitzeko eta enpresen lehiakortasuna areagotzeko saioak uztartzea ezinbestekoa dela jakitun».