Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan azaldutako neurriari buruz, «hasiera batean behintzat, atsegin ez» duela esan zuen atzo Sanzek, «errenta ertainak zigortuko lituzkeelako eta nafarren %58rentzat kaltegarria litzatekeelako». Hala, Nafarroako egungo etxebizitza kenkariak «tratamendu egokia» dutela gogorarazi zuen, eta aldatzeko beharrik ez dagoela uste du. Zapaterok iragarritakoak, berriz, Nafarroan «eraginik ez» duela izango gogorarazi zien herritarrei, zerga autonomia dutelako. Etxebizitzen salmentak suspertzeko baliagarria izan daitekeenik zalantzan jarri zuen.
Urtean 24.000 eurotik gorako errenta dutenei etxebizitza erosteagatik gaur egun ematen zaien kenkariak kendu nahi ditu Zapaterok eta 17.000 eurotik beherakoei mantendu.
Iritzirik ez aldundietatik
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietatik, oraindik ez dute Espainiako Gobernuaren proposamenaren inguruan iritzirik eman nahi. Bizkaiko Aldunditik «balorazioak egiteko oso goiz» dela esan zioten atzo BERRIAri. Zapateroren neurria, gainera, Espainiako Gorteetan onartu beharko dutela ohartarazi zuten. Bizkaitarrentzat «interesgarria» dela pentsatuz gero, Batzar Nagusietara eraman eta han eztabaidatuko dute.
Arabako Foru Aldundiak, berriz, «tentuz» aztertu beharreko gaia dela esan zuen, eta dagokien momentuan eztabaidatuko dutela. Kenkariekin, iazko hauteskunde kanpainan iragarritako 400 eurorekin gertatutakoa errepika daitekeela onartu zuen.
Zapaterok esandakoari «sakoneko neurria» deritzote Gipuzkoako Aldunditik eta denborarekin aztertuko dute lurraldean aplikatu edo ez. Izan ere, Espainiako presidenteak neurria nola garatu eta aurrekontua zehaztu beharko duela azpimarratzen dute.
Aireportuetako tasak kenduko dituzte, turismoa suspertzeko
Aurtengo lehen sei hilabeteetan bidaiari kopurua handitzea lortzen duten hegazkin konpainiek aireportuetako tasak ordaintzeari utziko diote. Espainiako presidente Rodriguez Zapaterok iragarri zuen atzo neurria, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioan.AENAri (Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa) hilero ordaintzen dizkioten gaineko %100eko deskontua iragarri dute, uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte bidaiari gehiago erakartzen dituzten konpainientzat. Turismoa suspertzeko asmoa dauka gobernuak, Espainiako ekonomiarentzat «sektore estrategikoa» delako. 20 milioi euroko kostua izango du neurria AENArentzat.