Ekonomia

Saregileentzako pabilioi eta eskola berria inauguratu dituzte Getarian

2011ko martxoaren 28a
21:36
Entzun

Saregileentzako pabilioi eta eskola berria inauguratu dituzte gaur Getarian (Gipuzkoa). Kostaldeko herri horretan 24 emakumek dihardute lanbide horretan eta Bizkaia eta Gipuzkoa itsasertzeko ontzi kopuru handienari ematen diote zerbitzua; guztira, 15 itsasontziri. Instalakuntza berriak, profesional hauen lan baldintzak hobetu ez ezik, prestakuntzarako espazio ere bilakatuko dira, Euskadiko Saregileen Eskola hartuko baitute.

Egungo saregileentzako edo belaunaldi aldaketa posible egingo duten pertsonentzako heziketa eskainiko dute egoitza berrian. Egun 64 emakumek osatzen dute kolektiboa eta 50 urteko batez besteko adina dute. Lokalak 1.000 metro koadro inguru ditu, "bizigarritasun, erosotasun, segurtasun eta higiene irizpideak betetzen ditu, eta espazio duina emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko saregile talde ugarienari", adierazi du inaugurazioan Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Azpiegitura berriarekin Gipuzkoako portu-azpiegitura beharrei erantzuna eman nahi izan die Eusko Jaurlaritzak, eta orain lanean jarraituko du Bizkaian, Ondarroan eta Bermeon, zehazki. Duela aste batzuk Oriokoa ere inauguratu zuten (Gipuzkoa). Portuetako lokalen egokitzapenaz gain, Unzaluk azaldu du bere Sailetik lanean ari direla saregileek egiten duten lana profesionalki aintzat hartu dadin. "Aintzatespen profesional hori erraztu du, neurri batean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Hezkuntza sailen arteko elkarlanak. Eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik", aipatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.