Eguerdiko 13:30ean, langileen ordezkariek ez zutela zuzendaritzaren eskaintza onartzen eta grebarekin jarraituko zutela iragarri dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuko Lan saileko bitartekaritzak bi aldeak deitu ditu akordio berri batera iritsi ahal izateko. Jose Javier Armendariz kontseilariak eta Jose Maria Roig lan zuzendariak egin dituzte bitartekari lanak.
SAS enpresako langileek greba bertan behera uztea erabaki dute akordioa lortu eta gero, eta lanari ekin diote. Halaber, Landabengo Volkswagenen lanean hasi ahal izango dute. SASeko langileek agerraldia deitu dute gaur arratsaldeko 17:00etarako lan-gatazkaren konponbidearen berri emateko.
SASeko langileen eskaria
SASeko zuzendaritzak eta langile batzordeak akordio bat sinatu zuten iaz Volkswagenenekin, lan-jarduna egokitzeko malgutasun akordioa izan zen. Sinatzeko garaian krisian zegoen autogintza sektorea. Akordio horren arabera lan-orduen gutxitzea sinatu zuten: 2002an 224 lan egun, 2003an 204 eta 2004an 213. Egun horiek malguak izateko akordioa sinatu zuten, ekoizpenaren araberakoa, alegia.
Hala ere, arazoa soldataren atala sinatzerakoan etorri zen, lan egun bakoitzari dagokion soldata neurtzerakoan. Langile batzordeak 2003ko soldatatik abiatzeko eskaera egiten zuen. 2003ko soldata lan egindako 204 egunekin zatitzea eta diru-sari hori 2004ko 213 lan-egunen soldatarekin biderkatzea eskatzen zuten. Zuzendaritzak ordea beste begi batzuekin ikusten zuen afera, eta kalkulua egiterakoan 2002ko lan-egunak hartu behar zirela aintzat azpimarratzen zuen.
Printzipioz ostegunera arteko greba aurreikusten zuten langile batzordekoek, eta gatazka konponduko ez balitz, otsailaren 10etik aurrera greba mugagabea deitzeko asmoa agertu zute.
Ekonomia-Lan gatazka
SAS enpresako langileek bertan behera utzi dute greba, aldeak akordio batera iritsi eta gero
SAS enpresako zuzendaritza eta langile batzordea akordio batera iritsi dira gaur eguerdian Nafarroako Gobernuko Lan saileko bitartekariarekin, eta arratsaldean Volkswagenen lanean berriz hasteko aukera izango dute. SAS enpresa Volkswagenen hornitzailea da, eta atzo lau eguneko grebari ekin zioten bertako langileek. Hori dela eta, Volkswagenek autoak ekoizteari utzi behar izan zion, horrek suposatzen zuen diru-galerekin. SAS enpresako langileek soldatak egokitzea eskatzen zuten eta gaurko akodioarekin arazoa baretzea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu