Saskia %13 garestitu da iaztik Iparraldean, eta %6 Hegoaldean

Bitartekariek eta erregaien igoerak eragin dute igoera hori, kontsumitzaile eta ekoizleen aburuz

AINARA ARRATIBEL / AITOR RENTERIA DONOSTIA / BAIONA
2008ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Kontsumitzaileen artean ahoz aho dabil oinarrizko prezioek izandako igoera. Erosketa egitera joan eta elikagaiak gero eta garestiago daudela diote kontsumitzaileek. Oinarrizko produktu horien ekoizleek igoera horretatik ez dutela etekinik lortzen salatu dute, eta bitartekariak eta banatzaileak direla horiek jasotzen dituztenak. Banatzaile eta bitartekariek, berriz, ahalik eta eskaintza onena merkaturatzeko egiten ari diren lana defendatu dute. Baina zenbatekoa izan da azken urtean igoera hori? Iaz egindako erosketa bat orain egun gutxi egindako batekin alderatu du BERRIAk, eta Ipar Euskal Herrian igoera Hego Euskal Herrian baino handiagoa izan dela ikus daiteke. Hain zuzen, 3,38 euro-%13-garestitu da oinarrizko saskia Iparraldean azken urtean, eta 1,3 euro-%6-Hegoaldean.

Konparazioa egiteko, iazko saltoki berak aukeratu dira: Hazparnen (Lapurdi), Baionan, Donostian eta Lekunberrin (Nafarroa).Sare handietakoak dira lau saltokiak, baina ez daude merkataritza gune handietan. Izan ere, horietan produktuen prezioa merkeagoa izaten baita. Hautatutako 12 produktuak ere berberak izan dira. Hori bai, kontuan izan behar da Iparraldean eta Hegoaldean dauden markak ez direlaberak. Horrekin batera, parekatzea orekatua izate aldera, erdiko prezioak hartu dira aintzat, ez garestienak, eta ez merkeenak.

Saskiaren prezioaren aldea handitu egin da azken urtean Bidasoako bi aldeen artean. Iaz aldea 4,48 eurokoa zen, eta aurten 6,56 eurokoa. Bi kasuetan laranjek, dilistek eta arrautzek izandako garestitzea nabarmentzekoa da. Produktu horiek joera orokorraren adierazle dira. Hiriburu eta herrietan erostearen aldea ez da oso handia.

Esanguratsua da, bestalde, erregaiek izandako igoera. 40 litro gasoliorengatik 35,6 euro ordaindu behar zuten Hego Euskal Herriko gidariek iaz. Aurten, gasolindegi berberetan 14 euro gehiago ordaindu behar dituzte gidariek gasolio kopuru beragatik: 49 euro, hain zuzen. Berunik gabekoaren kasuan, igoera ere antzekoa izan da: 37,6 eurotik 51,6 eurora, hain zuzen. Ipar Euskal Herrian gasolioaren garestitzea zertxobait txikiagoa izan da, baina baita nabarmena ere. Iaz 42,6 euro ordaindu behar ziren 40 litro gasoliogatik; aurten, berriz, 54,6 euro. Berunik gabekoaren kasuan, aldea ia zortzi eurokoa da: 49,4 eurotik 57,2 eurora. Hain zuzen ere, erregaietan izandako igoera izan da oinarrizko produktuen garestitzearen arrazoietako bat.



KEZKA NAGUSI. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Elkargoko Jon Ariño kezkatuta agertu da egoerarekin, baina joera hori euroa indarrean sartu zenetik-2002 urtetik-ematen ari dela azaldu du: «Biribiltzearen ondorioz prezioen igoera nabarmena izan zen, eta kontsumitzaileen erosteko ahalmena jaitsiz joan da ordutik». Haren ustez, banaketa kate handiekiko eta bitartekariekiko «morrontza eta menpekotasuna» gero eta handiagoa da, eta horrek eragin du, neurri handi batean, igoera: «Kate horiek ia oligopolio moduan funtzionatzen dute, eta ia ez dago lehiakortasunik. Beraien markak inposatzen saiatzen dira, eta nahi dutena saltzen digute, komeni zaien prezioan, gainera. Erakundeek erru handia dute, ez kontrolatzeagatik».

Europako Batasunak hartutako hainbat neurriren aurka agertu da Ariño. «Esneari eta halako produktuei ezarritako kuotek haren prezioa garestitu besterik ez dute egiten». Hala, bertako produktuak kontsumitzera aholkatu du. «Beti izango dira merkeagoak. Gainera, bertako nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza elikagaien kalitatea aspalditik dago frogatua». Elikadura osasungarri baten alde egiten den honetan, «kezkagarria» iruditzen zaio produktu freskoak izatea gehien igotzen direnak.

Ekoizleek eta kontsumitzaileek harreman estuagoa izan behar dutela iritzi dio Ariñok: «Salmenta zenbat eta zuzenagoa izan, prezioak baxuagoak izango dira». Hala, etxetik gertuko saltoki txiki eta azoketara jotzea gomendatu du, eta merkataritza gune handien filosofia salatu du: «Erostea astialdiarekin lotzen dute, eta hori oso arriskutsua da. Bezeroek zentzugabe eros dezaten da haien xedea». Hori kontuan hartuta, arduraz kontsumitzearen garrantzia gogoratu du. «Azken urteetan jende askok erosteko ahalmenaren gainetik kontsumitu du. Erostean ondo begiratu behar dira prezioak».

Oinarrizko produktu gehienak nekazari, abeltzain eta arrantzaleek ekoizten dituzte. Baina horietan izandako garestitzeak ez duela beraien irabazietan eraginik izan salatu dute azkenaldian. «Nor ari da geratzen bitarteko diru horrekin? Gu, behintzat, ez. Kontsumitzaileek garbi izan dezatela hori», dio Aitor Aranburuk, ENHE sindikatuko teknikari eta nekazariak. Beraiek produktuak prezio berean saltzen ari direla dio, eta kostuak dezente igo zaizkiela. «Erregaien eta lekaleen nahiz pentsuen prezioak nabarmen igo zaizkigu, espekulazioaren ondorioz. Beraz, gero eta zailagoa da guretzat aurrera egitea. Lehen sektorearen etorkizuna kolokan dago egoerak hala jarraitzen badu». Hala, nekazaritza politikaren aldaketa «sakona» behar dela iritzi dio. «Liberalismoaren alde egin da, eta ezinbestekoa da hori berriro aztertzea, baita prezioak ezartzeko erabiltzen diren irizpideak ere». Ariñoren antzera, bitartekariek prezioen igoeran zerikusia izan dutela iritzi dio.

Euskal Herrian Eroski da banatzaile nagusietakoa. Aurrekohilabetean nagusitasun hori aipatu zuen Javier Berasategik, Lehiaren Defentsarako EAEko Auzitegiko presidenteak, produktuek izandako inflazioaren arrazoi nagusien artean. Horri erantzuteko, Legebiltzarreko Merkataritza Batzordearen aurrean agertu zen Agustin Markaide, Eroskiko zuzendari nagusia. Han adierazi zuen Berasategik egindako kritikak «okerrak» direla. «Ahalegin handia egiten ari gara kontsumitzaileei kalitate, kopuru, prezio eta aukera eskaintza zabalena egiteko». Azaldu zuen Eroskiren dendetan elikagaien prezioak %2,64 igo zirela iaz, eta EAEn horien inflazioa %7,3an kokatu zela. Beste hainbat datu ere eman zituen.



«Saltzaile eta erosleen arteko harremana zuzenagoa balitz, prezioak merkeagoak lirateke»

jon ariño
EUskaL HERRIKO KONTSUMITZAILEEN ELKARGOA
«Kopuru, prezio etaaukera aldetik, ahaliketa eskaintza zabalena egiten ahalegintzen gara»

ALFREDO MARKAIDE
Eroskiko zuzendari nagusia




50 eurorekin, orga erdi hutsik

Kontsumitzaileak kezkatuta daude prezioen igoerarekin, eta beren erosteko ahalmena gero eta txikiagoa dela nabarmendu dute.
A.A.-a.r.

Donostia-Baiona

Andoainen (Gipuzkoa) Eroskik duen saltokietako batean bezeroen joan-etorria etengabea da. 10:00ak dira, eta jendea eguneko erosketak egiten ari da. Hiru poltsa eskuetan dituela irten da Maria Jesus Rodriguez. 36 euro inguru gastatu dituela dio. Arraina, jogurtak, tomateak eta ogia erosi ditu, besteak beste. Oinarrizko prezioen igoeraren inguruan galdetuta, adibide garbi batekin erantzun du. «50 euro gastatuta, egun orgarekin erdi hutsik itzultzen zara etxera. Lehen, berriz, erosketa dezentekoa egiteko aukera zegoen». Frutan antzeman du garestitzea, batez ere, Rodriguezek. «Laranjak eta platanoak ikaragarri igo dira, adibidez». Horren aurka kontsumitzaileek ezer gutxi egin dezaketela iritzi dio, eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu die. «Saltzaile handiek ezartzen dituzten prezioak gertuagotik kontrolatu beharko lituzkete, eta kontsumitzaileen alde gehiago egin».

Iker Agirretxek 29 urte ditu, eta duela urtebete joan zen bikotekidearekin bizitzera. Lehen ez zuen ohitura handirik etxeko erosketak egitera joateko; orain, berriz, maizago egiten ditu joan-etorriak supermerkatura. Hala, gehiago erreparatzen die prezioei. «Kalitatezko produktuak aukeratuz, ahalik eta merkeena erosten saiatzen naiz.Askotan diseinuagatik igotzen da produktuen prezioa, eta zurrunbilo horretatik ihes egiten saiatzen naiz». Normalean idatzita ekartzen du erosi beharrekoa. «Hala ez bada, beti erosten dut beharrezkoa ez dudan zerbait, eta poltsikoa ez dago horretarako».

Lourdes Bergaretxek baserria du, eta oinarrizko produktu gehienak handik lortzen ditu. «Lehen saldu egiten genituen, baina lana izugarria zen eta etekinak urriak. Beraz, orain gure kontsumorako baino ez ditugu». Harrigarria iruditzen zaizkio hainbat produkturen prezioak: tomateena eta urazena, adibidez. «Entsalada plater arrunt batek urrezko prezioa du egun».

Ipar Euskal Herrian ilusio optikoak dira saltegi txikiak. Urtez urte desagertuz joan ondoren, emeki-emeki agertzen hasi dira ezker-eskuin, baina ez dira jabe txikienak. Casino eta halako saltegi handiek saltegi txikiak irekitzen dituzte herrietan. Eta saltegi handietan bezala, gora egin dute prezioek saltegi horietan ere.

Baiona Ttipi eta Baiona Zaharrean Casino txikiak daude. Philippe Hacalak kudeatzen du Baiona Ttipikoa, eta hiruren artean merkeena dela dio, auzoko jendeak erosteko ahal apalagoa duelako. «Casinok finkatzen ditu sal ditzakegun produktuak, eta prezioak ere bai». Bere saltegira doan jendeak erosteko ahal murritza eta finkoa duela dio Hacalak. Anitzetan gertatu zaio jendeak erosketak hautatu eta ordaintzeko aski sos ez edukitzea.

Hilabete sariak ez, baina saskiaren prezioa biziki emendatu dela dio. Horrek jendearen erosteko ohiturak aldatu ditu. Anitz dira saltegitik desagertu eta den-dena saltegi merkeetan erosten dutenak. Azken tenoreko erosketak egiten dituzte Pannecau karrikako saltegian, esnea, ogia edo ahantzi zaien gauzaren bat. Daniel Guichenducek kutxa bat esne erosi du. Dena saltegi handietan erosten du, baina aitortzen du praktikoa dela falta zaion azken orduko hori eskura izatea. Ez du zailtasun ekonomikorik, baina argi dio gutxieneko soldata edo erretreta apala dutenek hautuak egin behar dituztela erosketak egiterakoan.



PREZIO APALEN BILA.Marka ezagunek biziki egin dute gora, eta jendeak prezio apaleko gauzak erosten ditu, Hacalaren arabera. Marka ezagunekin lehiatzeko, Casinok bere produktuak saltzen ditu, prezio apalagoan. Ia sei eurotan eros litezke konpresak, baina Casinokoak ez dira bitara iristen. Erosleak erranen du gero fidagarriak diren.

Saltegi txikiek Nicolas Sarkozyrekin etorkizunik ez dutela dio. Izan ere, Frantziako presidenteak erosteko ahalmena sustatzeko xedea ezagutarazi du. Orain artean saltegi handiek eskari berezia egin behar zuten, saltegia 300 metro koadro baino handiagoa zelarik. Engoitik ez dute eskaririk egin beharko, mila metro koadro baino txikiagoa izatean. «Perretxikoak bezala sor daitezke saltegi handi merkeak, txikiak ehortziz», dio.

Hazparneko Vival saltegian ezagutzen dute egoera hori. Igandeetan ere irekitzen duen Lidl saltegia jarri dute. «Lehen anitz saltzen genuen, baina orain ia deus ez», dio Philippe Ondartsek. Ez da Baionako bezero mota bera. Herri barnean dago, eta bereziki adineko jendea doa, autorik ez duena. Jendeek gutxiago begiratzen diote prezioari, baina produktu merkeenak dira gehien saltzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.