Arabako Enpresaburuen Elkartea (SEA) presidenterik gabe geratu da: Juan Jose Azurmendi (Donostia, 1946) atzo hil zen Donostian, «gaixotasun luze baten ondorioz». 65 urte zituen. 2007ko uztailean izendatu zuten SEAko presidente. Garai zaila zen SEArentzat, barne gatazka eta borroka ugari baitzituen. Politikan ere aritu zen, Langraiz Okako alkate izan baitzen 1990eko azaroa eta 1991ko maiatza artean, EAJren izenean.
Ikasketaz bide ingeniaria zen. Ingeniaritza zuzendariorde izan zen Zardoya Otis igogailuen enpresan. Electra Vitorian lan egin zuen. Eta 1989ean igogailu enpresa bat sortu zuen: Omega Elevator. 2009an Orona kooperatibak erosi zuen Omega Elevator. Azurmendik onartu zuen ezinbestekoa zela jarduera propioari eusteko. Iaz eskaeren kopurua %75 inguru amildu zen. Langileen erdiak, 50 inguru, kaleratu zituen.
Azurmendiren jarduerak zenbait kritika eragin zituen, bai SEAren barruan, bai SEAtik kanpo. Zerrendaburua izan zen Gregorio Rojo Vitaleko presidentearen aldeko plataforma batean. SEAko eta EAJko hainbat ordezkarik kritikatu zuten.
SEAko aurreko agintarien ildotik, iskanbila eragin zuen zenbait adierazpenen bidez, lan merkatuari buruzkoekin batez ere. Iaz esan zuen kaleratzeen kalte-ordainek bere horretan jarraituz gero enpresa askok «eskean» ibili beharko zutela. Gehitu zuen langile askok eskatzen zutela langabeziara joatea, «lanik ez egiteko eta kalte-ordaina kobratzeko». Espainiako Gobernuaren lan erreformarako proposamena ikusita, Azurmendiren arabera, enpresaburuak «animatuta» zeuden inor ez kontratatzeko. Lan merkatuaren erreforma onartu zen, eta kaleratzea merkatu. Ez zen nahikoa Azurmendirentzat. •
Hilberria. Juan Jose Azurmendi
SEA ardura, igogailuak bizibide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu