Jose Manuel Farto SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteko idazkari nagusia kezkaturik azaldu zen, bere iritziz Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenak «eragiten duen ziurgabetasuna arazoak sortzen ari zaizkiolako ekonomiari». Fartok ez zuen zehaztu zer kalte egiten dion, baina azpimarratu zuen esparru juridikoaren aldaketa prozesua luzatu ahala, kalteak handiagoak izango direla. Alde horretatik, «proposamen, errekurtso, eztaibaida eta erreferendumak» aurreikusten direnez, aldaketaegiteak luze joko duela gaitzetsi zuen.
«Kostuak handitu ahala, iruditzen zait aldaketak proposatzen dituztenek zehaztasun handiz esplikatu beharko dituztela ekonomia munduarentzat aldaketa horrek izango dituen onurak», jarraitu zuen Fartok. Gauzak horrela, Confebaskek bere iritzi ofiziala jakinarazi aurretik «gehiago galdetu eta informazio gehiago bildu» behar duela esan zuen. Fartok onartu egin zuen urteko hirugarren hiruhilekoan Arabako ekonomiak Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino emaitza kaskarragoak emango dituela. SEAko idazkari nagusiak ziurtatu zuenez, Araban industriak pisu handiagoa izateak eta esportazioek garrantzi handiagoa izateak azaltzen du portaera okerrago hori.Horrela, industriaren ekoizpenak %0,4 egin zuen behera irailean Araban. Bizkaian eta Gipuzkoan %1,6 handitu zen. Kontsumo Prezioen Indizean ere emaitzarik txarrena Arabak eman du: %2,7. Bizkaian %2,6 igo dira prezioak, eta Gipuzkoan %2,4. Langabezia, ostera, txikiagoa da Araban (%7,4), Gipuzkoan (%8,1) eta Bizkaian (%8,3) baino. Azken sei hilabeteotan 3.400 lagun gehiago hasi dira lanean.
SEA: Ibarretxeren Plana, «arazo sorburu»
Arabako ekonomia beste lurraldeetakoa baino apalago hazten ari dela onartu du patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu