Enpresaburuek ezingo dituzte soldatak igo kontsumo prezioen indizearen arabera (KPI), eta produktibitate hazkundearen arabera egingo dituzte, SEAren iritziz. Arabako Enpresaburuen Elkarteak langileei eta sindikatuei eskatu die jabe daitezela krisiaz eta lagundu dezatela enpresen lehiakortasuna hobetzen.
SEAk 200 enpresaren artean urrian egin duen galdeketaren emaitzak aurkeztu zituen atzo. Erantzunen arabera, Arabako ia hiru enpresatik batek langileak kaleratuko ditu datozen hilabeteetan.
Juan Ugarte SEAko idazkari nagusiaren iritziz, Arabako ekonomiaren egoera hobetzen ari da, oso gutxi bada ere. Ugarte bat dator Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo emandako datuekin: eraikuntza da okerren dagoen sektorea, eta ez dirudi bere onera itzuliko denik, «ez epe erdira, ez epe luzera».
Ugartek hainbat eskaera egin zizkien administrazioei eta alderdi politikoei: alde batetik, familien kontsumoa bultza dezatela, Renove planen edo antzekoen bidez; bestetik, prestakuntza, berrikuntza eta nazioartekotze programak bultza ditzatela. Ugartek salatu zuen administrazioek diru asko xahutzen dutela gastu arruntak ordaintzeko. Horregatik, «gerrikoa estutzeko» eskatu zien.
SEAk produktibitatean oinarritu nahi ditu soldata igoerak, ez KPIan
Arabako ia hiru enpresatik batek langileak kaleratuko ditu datozen hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu