Segurtasun arauak ez betetzeagatik 30 obra geldiarazi ditu ikuskaritzak

Enpresen erdiek ez dituzte Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen baldintzetara egokitu makinak

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2006ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdiz eraikuntza sektoreko segurtasun egoera aztertu ondoren, 30 obra geldiarazteko agindu zuen Lan Ikuskaritzak, istripuren bat gertatzeko arriskua oso larria zelako. Epe berean 77 arau-hauste atzeman zituen, eta, guztira, 627.972 euroko zigorrak jarri.

Datuak Joseba Azkarraga EAEko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak jakinarazi zituen atzo, laneko istripuen aurka azken hilabeteotan gauzatu dituzten ekintzak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Eraikuntzan eta industrian plan bereziak ditu martxan departamenduak.Eraikuntzan Lan Ikuskaritzak hartu du ardura. Azaroa eta abendua bitartean 372 obra bisitatu zituzten ikuskatzaileek. Horietan 1.488 enpresa ari ziren lanean, guztira. Enpresa gehienetan (%63) esku hartu behar izan zuten, baina itxierak kasuen %8 baino ez ziren izan. Era berean, segurtasun hutsuneak zuzentzeko 830 eskaera egin zituzten. Arau-hauste eta hutsune gehienak lehen bisitan salatu zituzten. Ikuskaritzak eskatuta, Osalanek obren ia erdia berriro bisitatu zuen, baldintza egokiak zituztela egiaztatzeko.Industriari dagokienez, urte osoan 1.214 enpresa ikertuko dituzte, istripu gehien izan zituzten jarduerak aintzat hartuta: metalurgia, metalezko produktuen fabrikatzea, eta makineria eta ekipo metalikoen ekoizpena. Sektoreko istripu guztietatik %60 enpresa horietan gertatu ziren iaz.

Osalaneko teknikariak 204 enpresatan egon ziren urtarrilera arte. Arriskuak ikusi dituzte, eta orain arte Lan Agintaritzari bederatzi txosten igorri dizkiote.

Kanpainaren emaitzak urte bukaeran neurtu beharko direla adierazi zien Azkarragak legebiltzarkideei. Hala ere, lehenbiziko esku-hartzeek datu kezkagarriak utzi dituzte agerian. Esaterako, lantokien erdiak ez ditu makinak Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen baldintzetara egokitu, araua onartu zenetik hamar urte igaro direnean.Azkarragak kanpainak mesedegarriak izan direla uste du, baina oraindik «bide luzea» gelditzen dela ohartarazi du. Luze gabe bere departamenduak neurri berriak abiatuko dituela iragarri zuen. Esaterako, hildakoak edo istripu larriak dituzten enpresen zigorrak argitaratuko dituzte. Gainera, istripuak ikertzeko fiskal berezia sortzea negoziatzen ari dira.

Laneko istripuen aurkako neurria



Eraikuntzan: Sei hilabetean behin errepikatuko dituzte.

Industrian: 2006an kanpainak jarraituko du.

Osalan: Teknikoei egiatasun presuntzioa aitortuko zaie, laneko ikuskatzaileen gisara.

Hedabideak: Arazoari buruzko kanpainak egiten jarraituko dute.

Errolda: Istripu larriak, oso larriak eta hildakoak izan dituzten enpresei ezartzen zaizkien zigorrak argitaratuko dituzte zerrenda batean.

Fiskala: Laneko istripuak ikertzeko fiskal berezia egon dadin protokolo bat sinatzea negoziatzen ari dira Estatuko Fiskal Nagusiarekin.

Informazioa: Istripu hilgarriak edo oso larriak daudenean, informazioa berehala bidaliko zaie gizarte eragileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.