Duela sei hilabeteko mailan da Ibex-35 (+%0,37); 11.500 puntuen langaren bueltan: duela bi urteko mailatik %13 behera dago, baina duela urtebeteko mailatik %32 gora. Sei hilabete kamutson ondoren, orain zer? Atzo, makroekonomian, AEBetako txikizkarien salmentak nabarmendu ziren, eta, mikroekonomian, Intel eta JPMorgan enpresen emaitzek erakarri zuten arreta; %0,6 inguruko igoerekin ospatu zuen Wall Streetek, gure indizeak ere kutsatuz. Izan ere, krisiaren apokalipsi aurpegia ahaztuta, Greziaren tragedian etena lortuta, enpresen mozkinei begiratzeko garaia da berriro ere. Atzo 1.750 milioiren salerosketa izan zen; 300na milioitik gora mugitu zituzten bi erraldoiek, eta %0,42na igo ziren bai Santander, bai Edurnezuri. Akzio txikiagoek erakarri zuten, ordea, txerritxo ehiztarien arreta gehiena: OHL, Iberia eta Criteria %2na pasa igo ziren, eta %1,99 Popular bankua. Galeretan, Red Electrica eta Telecinco %1na pasa jaitsi ziren.
Indran (+%0,34) duen %5eko partaidetza inbertsiogile handien artean saltzera doa Gas Natural (-%0,11). Zortzi milioi akzio salduta, 110 milioi inguru eskuratuko ditu energia enpresak. Fenosaren erosketak eragin zorra murrizteko pauso bat gehiago.
Morgan Stanleyk higiezinetan inbertitzeko funts bat badu; Morgan Stanley Real Estate Fundek 8.800 milioi dolarren inbertsioak egin zituen; asko, higiezinen burbuila bere betean zenean. 5.400 milioiren galerak aitortu ditu, aktiboen prezio jaitsieragatik.
Sei hilabete kamuts
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu