Sei urtean lehen aldiz %10etik behera hazi da Txinako ekonomia

Urte erditik aurrera dezente moteldu da hazkundea; azken hiruhilekoan, kasu, %6,8 soilik igo da

ERREDAKZIOA
2009ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Edonork sinatuko luke %6ko hazkundea izatea aurten. Edonork, Txinak izan ezik. Krisia azken urteotan gehien garatu den herriari ere bete-betean ari zaio eragiten, ordea. Eta ekonomistek egindako aurreikuspenen arabera, ezingo du kopuru hori gainditu. Izan ere, 2001etik, urtero %10 baino gehiago hazi da herrialdea.

Iazko datuek erakusten dute Txinako ekonomiaren gainbehera. Estatistiken Bulego Nazionalak atzo jakinarazi zuenez, %9hazi zen Barne Produktu Gordina. Datu horri esker, Alemaniari aurre hartu eta munduko hirugarren ekonomia bihurtu da, AEBen eta Japoniaren atzetik.

Ezer gutxitarako balio dio horrek, ordea. Izan ere, %9ko hazkundea oso txikia da 2007koarekin alderatuta, orduan %13 baino igoera handiagoa izan baitzuen. Batez ere urte erditik aurrera okertu zen iaz Txinako egoera.Hirugarren hiruhilekoan %9 hazi zen, eta azkenengoan %6,8 soilik.

Esportazioetan oinarritzen da neurri handi batean hango ekonomia. Horregatik, gainerako herrialdeetako egoerak eragin zuzena izan du emaitzetan. Industria produkzioaren jaitsiera eta beste hainbat arrazoi medio, 670.000 lantoki itxi ziren 2008an, eta 8,86 milioi lagun geratu ziren langabezian. Kopuru horretan ez dira kontuan hartzen, baina, landaguneetatik hiriburura lanera joandako bi milioi pertsona inguru.

Gainera, aurten, lizentzia titulua lortu duen beste sei milioi lagun egongo direla enplegua bilatu ezinik aurreikusten da.Hala, Gobernuaren helburua da langabezia tasari %4,6tik behera eustea. 1980tik ez da hain altu egon. Egoera okertzen ari zela ikusita, Gobernuak lau bilioi yuaneko (452.000 milioi euro) plana onartu zuen azaroan. Datozen bi urteotan egongo da indarrean, eta, hartutako neurriei esker, BPG %8tik gora haziko dela adierazi du. Adituen arabera, ordea, oso goitik jo du Gobernuak.

Japonia atzeraldian 2010 arte

Txinari bezalaxe, Japoniari ere min handia egin dio esportazioen jaitsierak. 2008an 2007an baino %3,4 gutxiago saldu du atzerrira. Urteko azken hilabeteetan, gainera, egoerak nabarmen egin du okerrera. Abenduan, esaterako, %35 murriztu ziren esportazioak. Inportazioak, berriz, %7,9 igo dira.

Hala, superabit komertziala %80 jaitsi da Japonian, eta azken 26 urteetako mailarik baxuenean dago. Japoniako bankuak jakinarazi duenez, hurrengo bi urteetan atzeraldian egongo da herrialdea, eta 2010ean %1eko hazkundea izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.