Ohiko goiza zirudien atzokoak A-8 autobidearen Gipuzkoako zatian. Orduko 110 kilometroko abiadura muga berriak ez zuen argazkia asko aldatu: auto pilaketak Donostia inguruan, kamioi ugari, ertzainen autoren bat bide bazterrean... eta autoak oso azkar. 110 km/h baino azkarrago gehienak eta 120 km/h baino azkarrago asko. BERRIAk Oiartzungo eta Itziarko zerbitzuguneen arteko joan-etorria egin zuen, abiadura muga berrian, eta auto gehienek pasa zuten. Kamioiren batek ere bai.
Eugenio Gallastegi eta Pilar Goikolea Donostiatik Bilbora zihoazen, egunpasa. Itziarko zerbitzugunean geratu ziren, gasolinaz hornitzera. Donostiatik Itziarrerako tartean abiadura muga berria errespetatu zuela zihoen Gallastegik; ezetz, ordea, Goikoleak. «Baietz ba, emakumea», batak. «Lehen 120 km/h-ko abiaduran joan behar zenean, 130-140an joaten zinen eta, orain, 110ean joan behar denean, 120-130ean», besteak.
Ondorioetan ere ez zetozen bat. «Txorakeria galanta da, apenas aurreztuko baitugu euroren bat», Gallastegiren iritziz. «Istripu gutxiago gertatzeko eta jendea errepidean lasaiago ibiltzeko balio badu, gaitzerdi», Goikolearen esanetan.
Senar-emazteak autoan sartu eta geroxeago iritsi zen Miguel Salazar zerbitzuguneko kafetegira. Botika enpresa bateko saltzailea da, Hego Euskal Herrian. Alegia, kilometro asko A-8, AP-1 eta A-68 autobideetan eta A-15 autobian. «Aurreztutakoa baino gehiago galduko dut», zihoen, kexati, abiadura muga berriaz. «Denbora galduko dut eta laneko hitzorduren bat ere bai, ezingo naizelako garaiz iritsi». Beraz, lasaiago ibili beharko du. «Lasaiago? Gure lanean ez dago lasaitasunik», erantzun zuen.
Alex Webber eta Petra Niemeyer alemaniarrak Andaluziara bidean atseden hartzeko geratu ziren atzo goizean Itziarko zerbitzugunean. Onartu zuten harritu egin zirela Lapurdiko 130 km/h-ko abiadura mugatik Gipuzkoako 110 km/h-ra pasa zirenean; baina ez zekiten atzo bertan jarri zela indarrean abiadura berria, petrolioa aurrezteko.
«Serio ari al zara?», galdetu zuten. «Ez dirudi oso eraginkorra, ezta? Pentsaezina da Alemanian antzeko neurriren bat hartzea», jarraitu zuten. Aldea baitago Alemanian gidatzearen —hango autobide gehienek ez dute abiadura mugarik— eta Hego Euskal Herrian egitearen artean.
Ikastaroak, premiazkoak
Niemeyerren ustez, agian neurriaren helburua ona da, baina halako erabaki bat hartu aurretik bestelako neurri batzuk hartu behar dira petrolioarekiko mendekotasuna murrizteko.
Edo hobeto gidatzen ikasteko. Luis Aramendik duela urte batzuk egin zuen erregai gutxiago kontsumituz gidatzeko ikastaroa, doan. Ordutik gurpilen presioa zaintzen du, azelerazioak eta balaztatze zakarrak saihesten ditu... «Guztiok egin beharko genuke halako ikastaroren bat, gutxi eginda dezente aurrezteko», bere esanetan. Ohiko eraginkortasun neurriez haratago, baina, funtsezko bat nabarmendu du: «Autoan sartutakoan jarrera aldatzea, lasaiago gidatzea».
Lurdes Irigoien Irundik Eibarrera zihoan, hilero bezala, medikuarekin zuen hitzordura. Ez zuen abiadura muga berria gainditu, baina inguruan ez zuen aldaketarik nabaritu: «Auto gehienek ziztu bizian pasatzen ninduten lehen 120 km/h-ko abiaduran joanda, eta ziztu bizian pasa naute gaur, 110 km/h-ra nindoala».
Itziartik Irunera bidean, ibilgailuak pilatu egin ziren Zarauzko ordainlekuetan. Donostia inguruan ibilgailu kopurua handiagoa zen, horietako asko kamioiak.
Kamioiez gain, baita Luis Cerveraren autoa ere, Oiartzungo zerbitzugunean, gasolioaz hornitzen. Lurdes Aramendik ez bezala, Luis Cerverak nabaritu zuen aldea, Donostia eta Irun arteko eguneroko bidaian. «Autoak polikiago doaz», zioen. Ez daki abiadura muga berria errespetatzeko joerak zenbat iraungo duen. «Egun batzuk barru, jendeak beldurra galtzen duenean, azkarrago gidatuko du. Puntukako gidabaimenarekin gertatu zen eta abiadura muga berriarekin ere gertatuko da».
Oiartzunen, A-8 autobideko gasolina zerbitzugunea kamioiz beteta zegoen. Errepidean kamioi ugari zebiltzan, bai Gipuzkoatik Lapurdira, bai Lapurditik Gipuzkoara.
Kamioiak gertuago
Autoen eta kamioien abiadura mugak gertuago daude orain autobideetan eta autobietan: 110 km/h autoek, 90 km/h kamioiek. Horrek kezkatu egin du Jabier Tomas. «Lehen ere askotan kamioiak ia gainean eramaten nituen, ba pentsa orain...», esan zuen, zerbitzugunean pilatutako kamioi ilarari begira.
Bai Itziarko zerbitzugunean, bai Oiartzungoan, kafetegian hizketagai eta eztabaidagai zen abiadura muga berria. Jendea berotzeraino.Espainiako DVuelta elkarteak eta Movimiento 140 herritarren plataformak helegitea aurkeztu dute Auzitegi Gorenean, abiadura muga berriaren dekretuaren kontra. Helegitearen arabera, Errepideko Segurtasun Legeak dio segurtasun arrazoiengatik bakarrik alda daitezkeela abiadura mugak. Beraz, energia aurrezteko egin nahi izanez gero, Espainiako Gobernuak legea aldatu beharko luke. Herritarrei eskatu diete helegitea aurkez dezatela abiadura muga berria gainditzeagatik jartzen dizkieten isun guztien kontra.
Seinaleak bai, abiadura ez
Espainiako Gobernuak autobideetako eta autobietako gehienezko abiadura muga orduko 120 kilometrotik 110era jaitsi arren, ez du jarrera aldaketa nabarmenik eragin gidarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu