Sektore nagusien ikerketan gehiago inbertitzeko eskatu dio KESek Jaurlaritzari

Europako batez bestekotik gertu egon arren arlo horretan puntako diren herrialdeen inbertsio maila berdindu behar dela dio

Miren Garate.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak barne produktu gordinaren %1,85 inbertitzen dute ikerketan eta garapenean. Europako batez bestekotik (%1,9) gertu dabiltza, baina KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialarentzat, ez da aski. Arlo horretan puntan dabiltzan herrialdeen inbertsio mailara iritsi behar litzatekeela dio. Hala, krisitik atera ahal izateko, I+G+b arloan diru gehiago jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Ahalegiank ongien kokatutako sektoreetan kontzentratu behar direla uste du erakundeak.

2009ko memoria sozioekonomikoa aurkeztu zuen atzo Juan Maria Otaegi presidenteak Eusko Legebiltzarrean. Iazko datuek krisiaren sakontasuna erakusten dutela azaldu zuen. Urte arteko datuei erreparatuta, iazko hiruhileko guztietan emaitza negatiboak izanziren. Urritik abendura bitarteko tartean hobetu zen egoera zertxobait, behera egin zuten adierazle nagusiek, baina gutxiago. Laugarren hiruhileko horretan hasitako bidea aurten sendotzen ari dela adierazi du Otaegik.

Barne produktu gordinaren datua da motelaldiaren adibideetako bat. Batez beste, %3,8 jaitsi zen. Industria sektoreak hartu zuen kolperik handiena, %12,7 jaitsita. Eraikuntzan %3,6koa izan zen jaitsiera, eta zerbitzuetan, %0,2koa. Lehen sektorea izan zen 2008ko emaitzak hobetzeko gai izan zen bakarra, %3,6 hazi zelako.

Langabeziak, %8ko igoera

Batez ere langabeziaren gorakadak kezkatzen du KES. Eustatestatistika erakundeak emandako datuen arabera, 36.000 lanpostu galdu ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, %8 igo zen langabezia. KESeko presidentearen iritziz, aipagarria da gazteen egoera. %23raino iritsi zen langabezia tasa haien artean. «Pobrezia eta gizarte bazterketaren aurrean kolektiborik ahulena direla erakusten du datuak», esan du.

Horren harira, ikerketa, ezagutza eta berrikuntza sustatzearen alde hitz egin du Otaegik. «Industriak ere bai, baina batez ere Eusko Jaurlaritzak eta sektore teknologiko eta zientifikoak egin behar dute ahalegina».

Gazteekin batera, senideen zaintzan lan egiten dutenen egora nabarmendu du KESen txostenak. Emakumeak dira haietako gehienak, eta lanaren eraginez, euren bizi-kalitatea okertu egiten dela dio. «Prekarietatea igotzen zaie, jarduera ekonomikoa garatzeko mugak eta zalantzak izaten dituzte, familiako gainerako kideekiko harremanak ahultzen dira, norbere harreman sozialak murrizten eta osasun fisiko eta emozionala okertzen». Administrazio publikoei beste erronka bat jarriko zaiela parez pare adierazi du: «Zaintzaileen zaintza», hain zuzen ere.

Ingurumenaren egoerari, biztanleriari eta gizarte egiturari buruzko beste hainbat datu ere ageri dira txostenean. Aurreko urteetan ere egin du KESek memoria sozioekonomikoa, baina atzo artean inoiz ez zuen aurkeztu Eusko Legebiltzarrean.



2009ko memoria sozioekonomikoa

Laugarren hiruhilekoa. 2009ko hiruhileko guztietan datu negatiboak izan ziren; azkenengoan,ordea, motelaldia txikiagoa izan zen.

BPGa, behera. %3,8 jaitsi zen barne produktu gordina iaz. Industria sektoreak hartu zuen kolperik handiena, %12,7 jaitsita.

Langabezia. Alderik kezkagarriena izan da, KESen irudiko. Batez ere gazteen langabezia tasa nabarmendu du, %23ra iritsi zelako.

Ikerkuntzarekiko konpromisoa. Heziketa, ikerketa, berrikuntza, ezagutza eta antzeko gaiei garrantzi handiagoa eman behar zaiela uste du.

Zaintzaileen zaintza. Administrazioaren erronketako bat senideen zaintzaz arduratzen direnak zaintzea dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.