Lim Hwee Hua. Singapurko Finantza ministro ohia

«Sektore pribatuari lekua noiz utzi behar zaion jakin behar du gobernuak»

Ekonomian esku hartze handia du Singapurko Gobernuak, baina, aldi berean, negozioak egiteko erraztasun handienak ematen dituen herrialdea dela onartu dio Munduko Bankuak hainbat urtez.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Deusto Business Alumni elkarteak antolatuta, Bilbon izan berri da Lim Hwee Hua Singapurko Finantza ministro ohia (Singapur, 1959). Botere publikoek ekonomian izan behar duten jokabidea aztertu du Hweek liburu batean, Eusko Jaurlaritzak eta Deustok gazteleraz argitaratu dutena: Intervención gubernamental en el sector privado: ángel o demonio? (Gobernuaren esku hartzea sektore pribatuan: aingerua edo deabrua?).

Ekonomian eztabaida gehien pizten duten gaien artean dago gobernuen eginkizuna.

Liburua egiteko, azterketa asko berrikusi ditut, eta bada herrialde eta gobernu askok buruan duten galdera. Garai oparoetan nahiz atzeraldian, beti zalantzan jartzen da gobernua lagungarria den edo, gehiegi esku hartzearen ondorioz, traba izaten den. Nire erantzuna beti bera da: egoeraren arabera. Esaterako, berebiziko garrantzia du zein sektoreri buruz ari garen.

Gobernua lagungarria izan daiteke batzuetan eta traba beste batzuetan?

Oinarrizko sektoreetan nik uste dut mundu guztiak onartzen duela gobernuak zeregin handia duela. Inbertsio handia behar denean ere —errepideak eta azpiegiturak, esaterako—, aurrekontu handiagoak ditu. Ez dago hain argi zerbitzuak direnean. Kasu horretan, akaso sektore pribatua izan liteke hornitzailea, agian ez hasieratik, baina bai garatu ahala. Sektore pribatuari lekua noiz utzi behar zaion jakin behar du gobernuak. Ez da erraza izaten.

Ekonomista liberal askoren proposamena beti izaten da «gobernu gutxiago». Singapurren emaitza ekonomikoek zalantzan jartzen dute ikuspuntu hori.

Singapurrek muga erreal asko ditu. Lur gutxi daukagu; geure merkatua mugatua da; ondorioz, gobernuak indartsua izan behar du, eta haren eragina gehiago nabaritu behar da. Azterketak begiratzen ari nintzela, ondorioztatu dut herrialde txiki guztietan gauza bera gertatzen dela. Gobernuak esku hartze handia behar du; bestela, merkatuak huts egin eta gauza asko egin gabe geratuko liratekeelako. Gobernuak ekonomiaren katalizatzaile lana hartu behar du bere gain, gainera.

Zein sektoretan dago sartuta Singapurko Gobernua?

Batez ere, estrategikoetan. Alde batetik, segurtasuna eta defentsa. Gero azpiegiturak eskaini behar ditu. Garraio alorrekoak, baina baita eskolak, ospitaleak edo etxebizitza publikoak ere. Horietan guztietan gobernuaren eginkizuna zentrala da. Industriari dagokionez, saiatu gara multinazionalak erakartzen, inbertitu eta eskualde geografiko honetan zabaltzeko oinarria izan gaitezen.

Nola erabakitzen du Singapurko botereak non esku hartu?

Kasuan-kasuan erabaki behar da. Aspaldi ulertu genuen ezin ginela low cost ekonomia bat izan. Espazio eta baliabide eskasak ditugu. Ondorioz, gure eskulangintzak aldatzen segitu behar du. Ezin dugu telebistak ekoizten jarraitu, orain dela 40 urte egiten genuen bezala. Nora joan nahi dugun birpentsatzeko denbora hartzen dugu lantzean behin.

Ematen du gai izan zaretela etorkizunari aurrea hartzeko. Nola?

Iraupen kontu bat da. Jarraitu izan bagenu telebistak egiten ezer gertatuko ez balitz bezala, inguruko beste inor ez litzateke gure porrotaz kezkatuko. Ekonomia globalarentzat erabilgarriak izateko arrazoiak bilatu behar genituela iruditu zaigu beti, bereziki zerbitzuetan. Eskulangintzan errazagoa izan liteke beste herrialde batzuentzat gure eredua kopiatzea, eta normalean gu baino baliabide handiagoak eskaini ahalko dituzte, baina zerbitzuetan ez. Horregatik saiatu gara finantza zerbitzu aurreratuetan edo garraioan trebatzen.

Zer ikas dezakete herrialde txikiek Singapurren lan moldetik?

Lehenik eta behin, gobernuak zein eginkizun hartu nahi duen jakin behar du. Izango den dirua gastatuko duena, edo ekonomia planifikatuko duena, edo kapitala emango duen akzioduna. Askotan, arrazoi politikoek interesgarri egiten dute hiruretan aritzea, baina mugak argi izanda: gobernuak konpainia batean akzioak baditu, ezin du konpainia horren mesederako legeak egin, ezin die beste jokalariei kalte egin. Benetan garrantzitsua da gobernuak jokatzeko arau oso argiak ematea.

BPGaren parte handi bat sortzen du gobernuak Singapurren, baina, aldi berean, negozioak egiteko erraztasun handienak ematen dituen munduko leku izendatu dute. Nola dira bateragarriak bi kontzeptuak?

Gobernuaren eginkizuna sustatzaile izatea da. Ez da beste eragile bat bihurtzen. Finantzetan, esaterako, bankuek esaten digute gustatzen zaiela arauak argiak izatea eta haiek betetzea. Badakite arazo bat sortzen bada tratu bidezkoa emango zaiela.

Deigarria da ere ustelkeria maila txikia, alderdi bera 50 urtetik gora boterean egonda.

Ez zen egun batetik bestera izan. Independentzia irabazi genuenean, ustelkeria bazen. Azkar ulertu genuen ezin genuela halakorik onartu, inor ez zelako gurera etorriko negozioak egitera. Lan handia egin zen garbitzeko, zigor handiak jarrita. Gure kulturaren parte bat da orain ustelkeriarik eza. Norbaiti dolar bat eskaini nahiko bazenio ere, ez luke hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.