«Legea onartu bezain pronto utziko dut kargua. Lehendabizi, ordea, Europako Batasunarekin ditugun konpromisoak bete behar ditugu». Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak halaxe jakinarazi zion Giorgio Napolitano errepublikako presidenteari asteartean, Parlamentuak konfiantza mozioa aurrera ateratzeko babesa ukatu zionean. 2012ko Aurrekontu Legea onartzeaz ari zen Berlusconi, administrazioaren datorren urteko gastua mugatzeko neurriez gain, zor publikoa gutxitzera bideratutako neurriak jasotzen dituelako lege horrek.
Adierazpen horiek eta gero, nahikoa argi utzi zuen dimisioa eman, emango zuela. Aste honetan bertan izango zenik, ordea, inork ez zuen espero. Normalean, Senatuak eta Diputatuen Kongresuak denbora gehiago behar izaten dute horrelako arauak eztabaidatu eta onartzeko. Baina oraingoan Senatuak aski izan ditu hiru egun legea aurrera ateratzeko. Atzo eguerdian eman zion oniritzia aldeko 156 boto, kontrako 12 boto eta abstentzio batekin. Horrenbestez, Diputatuen Kongresuak gaur bertan aztertuko du idatzi, eta gaur bertan berretsiko du atzo Senatuak hartutako erabakia. Berlusconiri emandako hitza betetzea baino ez zaio geldituko orduan, lankideak agurtu eta etxera joatea.
2012ko Aurrekontu Legeak jasotzen dituen murrizketa neurriek 2014 bitarte 60.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko diote Italiari. Horretarako, BEZ balio erantsiaren zerga %20tik %21era igoko du, langile publikoen soldatak izoztuko ditu, 2026rako erretiroa hartzeko adina bi urte atzeratuko du, zerga iruzurraren aurkako borrokara baliabide gehiago bideratuko ditu eta energia sektorerako zerga berezi bat sortuko du.
Montik ekarri du lasaitasuna
Berlusconiren astearteako promesa mesfidati hartu zuten askok, ez zuelako kargua noiz utziko zuen zehaztu eta aurretik ere emandako hitza behin baino gehiagotan jan izan duelako. Denbora irabazteko helburuarekin ari zela uste zuten, baita inbertsiogileek ere, eta hori garesti ordaindu behar izan zuen herrialdeak. Asteazkenean, presio gogorrak jasan zituen merkatuetatik, zorraren arrisku saria oinarrizko 574 puntura eta hamar urterako tituluen interesa %7,4raino igotzerainokoak. Finantza erreskate baten atarian jarri zuten herrialdea. Greziak, Irlandak eta Portugalek, esaterako, maila horietara iritsi aurretik onartu behar izan zuten laguntza.
Ondorioen beldur, Napolitanok berak atera behar izan zuenguztiak lasaitzera. Berlusconiren erabakia atzera bueltarik gabekoa zela eta erreformak onartu orduko dimisioa emango zuela ziurtatu zuen. Bere nahia larrialdiko gobernu bat ahal bezain lasterren osatzea zela azaldu zuen. Gobernu hori osatzeko alderdien arteko adostasunik ezean, bi ganberak desegin eta hauteskundeak antolatu beharko zituela aurreratu zuen. Larrialdiko gobernua osatzeko ideiak atzerakada eragiten zien Italiako politikari askori. Berlusconik berak ere ezinezkotzat jo zuen ordura arte arerio izandako alderdiak ados jartzea. Norbaitek Mario Montiren izena aipatu zuenera arte.
Hurrengo egunerako, haren aldekoak ziren kiniela guztiak. Europako Lehia gaietako komisario izandakoa gobernu berria gidatzeko pertsona aproposena zela zioten aditu guztiek, baita aurreko egunetan Italia horren estu hartu zuten inbertsiogileek ere. Asteazken iluntzean, gainera,bizi guztirako Italiako senatari izendatu zuen Napolitanok.
Atzo goizean, Senatura iritsi zenean, txalo zaparrada batekin hartu zuten Monti. Guztiek egin zioten txalo, baita larrialdiko gobernu bat osatzearen aurka zeudenek ere, gidaria Monti izateak gauzak aldatu egiten zituelako. Hala, herenegun herritarrek hautatu gabeko gobernu bat sortzea erabat baztertzen eta hauteskundeak deitzea ezinbestekoa zela zioten haiek, pixkanaka-pixkanaka diskurtsoa goxatu zuten, Montik zuzendutako gobernu tekniko bat onartzeko prest leudekeela onartu arte. Lega Nord da gobernu tekniko hori sortzeko aukera baztertzen duen bakarra.
Italiako legebiltzarkideek bezalaxe, merkatuek are harrera bero egin zioten Montiri, Italiaren arrisku saria ehun puntu jaitsi eta burtsek sekulako goraka izan baitzuten.
Zorraren krisia. Italia
Senatuak dimisiotik urrats bakarrera utzi du Berlusconi
Kongresuak gaur bozkatuko du 2012ko Aurrekontu Legea; onartzen badu, dimisioa ematea bakarrik geratuko zaio BerlusconiriMontiren itzulera irabaziekin ospatu dute burtsek; Italiaren arrisku saria ere jaitsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu